Jaurlaritzak eskualdeko osasun arreta ebaluatu beharko du

Tolosaldeko Ataria 2017ko otsailaren 2a

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeak bost urtetako ibilbidearen balorazioa egin zuen azaroan.

Eusko Legebiltzarreko osasun batzordeak onartu egin du EH Bilduren proposamena; EAJk eta PSE-EEk aurkako botoa eman dute

Mahai gainean bi eskari jarri zituen, atzo, EH Bilduk, Gasteizko (Araba) Legebiltzarrean. Osasun batzordeko bilkura izan zuten eta, batetik, eskatu zuten Tolosaldeko osasun arretaren ebaluazio bat egiteko, lau hilabeteko epean. Era berean, osasun zerbitzuaren eredua aztertze aldera, eragile, erakunde eta herritarrekin osasun mahaia osatzea proposatu zuen koalizioak.

Bide horretan, EH Bilduko kide Maider Otamendik «osasun arreta hobea» defendatu zuen: «Ebaluzioa eta mahaia beharrezkoak dira, Tolosaldean osasun arreta publiko, unibertsala eta kalitatezkoa eskaintzeko. Eskatzen duguna ez da astakeria, Tolosaldea baita osasun arreta publikoa enpresa pribatu batek kudeatzen duen eskualde bakarra, EAEn».

Bi proposamenetatik bakarrak egin zuen aurrera eta, horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak ebaluazio txosten bat garatu beharko du, lau hilabeteko epean. EH Bildurekin batera, Podemosek eta PPk ere aldeko botoa eman zioten egitasmoari.

Kontrara, ordea, EAJk eta PSE-EEk aurkako botoa eman zioten Tolosaldeko osasun zerbitzuaren ebaluazioa egiteko aukerari. Era berean, bi alderdiek uko egin zioten Tolosaldean osasun mahaia osatzearen aukerari ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!