Tolosaldeko Giltzarria

Bakarra eta zuzena

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ots. 1a, 10:47

Martxoaren 19ko galdeketarako, elementu garrantzitsuena prest du Tolosaldeak: galdera.

"Nahi al duzu estatu burujabe bateko herritarra izan?". Bai ala ez, horixe erantzun beharko dute, datorren martxoaren 19an, Tolosaldeko 28 herrietako bizilagunek. Tolosaldeko Giltzarria joan den ekainean ekindako prozesuaren azken txanpan da eta, hitzordu garrantzitsurako zazpi aste falta direla argitaratu dute galdera.

Pasa den urtarrilaren 21ean, Betoribar pilotalekuan elkartutako herritarrek marraztu zuten galderaren norabidea; parte-hartze prozesu hartatik, herritarren iritzi, kezka eta ekarpenak jaso zituen antolakuntzak. Ondoren, Beotibarko uzta Tolosaldeko Giltzarriaren Batzorde Sustatzaileak hartu, eta behin betiko galdera osatu zuten. 

Besterik ez da geratzen, beraz, galdera horri eman nahi zaion erantzuna erabakitzea, oraindik egin ez dutenentzat. Izan ere, Giltzarriak horretarako girotuko du eskualdea, datozen asteotan, "pedagogia eginez eta erabakitze eskubidearen inguruko interesa piztuz". Horren lekuko izango da, esaterako, gaur iluntzean Leidor aretoan izango den mahai ingurua eta, bide bera festarekin uztartuz, otsailaren 11n, Erabakifest ospatuko dute. Aurrerago emango dituzte zehaztasunak.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!