[Harmailetatik] Asteburuko notak

Jexux Murua 2017ko urt. 31a, 09:02

Bosgarrenaren gose sartu ziren frontoira Jokin Altuna eta Abel Barriola Gasteizko Ogetara, eta ase gabe atera behar izan zuten 12-22 galdu ondoren Olaizola II eta Untoriaren aurka. Amezketarrak egin zituen bere ahaleginak, nahi izan zuen eta arriskatu zuen baldintza onetan zein txarretan, eta bost aldiz salatu zuen txapak bere nahi eta grina; arriskuak salatu zuen nahia eta txapak ezina.

Ederki azaldu zuen bere aurkari izan zen Aimar Olaizolak gertaeraren gakoa: aldea dagoela, alegia, pilotak ama-ama bi koadro barruan hartu edo behartuta lautik ari. Dena dela, barka dezatela atrebentzia. Bikoteak ez zuen aldarterik onena erakutsi partida honetan: tanto pare bat galdu zuten ondo ez ulertzeagatik, Barriolari pisutsuegia egin zitzaion Ogeta, eta Jokinek berak, txapa jota bada ere, galdu zituen oso-oso-oso gutxitan galduko dituen egindako tantoak. Amorrazio latza! Jokoa dela hau, ez jolasa.

Iñaki Artolak poztuko zen Albisuk bosgarrenez nola irabazten zuen ikusita. Victor on batek ondo lagunduta 18an utzi zituzten Urrutikoetxea eta Imaz. Badirudi Victor-Albisu bikoa ari dela eman dezakeenera hurbiltzen; ataundarra oso sasoi eta joko bolada onean dago eta badirudi, barkatu fidagaizkeria, errioxarrak ulertu duela zein den bere egitekoa. Serio aritu ziren, jolasak utzita, eta ez zuten etsi Imaz ito arte. Honela ariz gero, aurkari gogorrak dira edozeinentzat.

Promoziokoan, Jon Ander Peñak ez zuen erdietsi nahi zuen bigarrena Iruñean. Mingarria da 21-22 galtzea ia-ia zailena egin eta gero, azken tantoa mende-mendean daukazunean. Gutxitan huts egingo du gisa horretako errematea, azkenekoan izanik, gainera, gehiago nabarmentzen da, baina 42 tanto jokatuak ziren ordurako eta berdin balio dute guztiek.

Hau idazten ari garela, jokatzen ariko da Tolosako Beotibarren Erasun- Arteaga eta Herrandonea-Martijaren artekoa; partidarik galdu gabe daude azken hauek baina zizurkildarrak-eta badaukate nahikoa joko bolada hori eten eta primeran etorriko zaien bigarren puntua eskuratzeko, nire ustez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!