Bi kamioi handitan islatzen da herritarrek erakutsi duten elkartasun uholdea. Eskariarekin bat egin eta norbere erara eta neurrira aletxoa jarri dutenak milaka kontatu dira. Ikaragarria da herri, eskualde edota lurralde bat nola mobilizatu daitekeen hain denbora laburrean. Deialdia luzatu, ahoz aho, sarean, prentsan zabaldu, eta hiru egunen buruan jasotako erantzunak aurreikuspen guztiak gainditu.
Noski, deialdia luzatu dutenek erantzunaren arduraren zati handi bat dute. Baina, herriaren edo gizartearen jarrera goraipatzea eta eskertzea ere komeni da, batez ere horrelako kasuetan, batzuek sortutako injustiziak besteak irtenbidea emateko gai izan ez direnean.
Esperantzarentzat argi izpia dira ekimen hauek, elkartzeak garrantzia duela eta elkartuta gauza ugari egitea posible dela erakusten baitute. Batzuen ideia eta asmo onek indarra hartuko badute askoren eskua nahitaezkoa da.
Uholdeak eta itxaropenaren argiak egiten dute kilometroen joana arinago. Baita herritarren animo eta elkartasun mezuek ere. Baina, batez ere, bidaiaren xedea den helmugara iristeak.
30 ordu, 2.500 kilometro eta Belgradora iritsi gara. Atzean utzi ditugu Frantzia, Italia, Eslovenia eta Kroazia. Atzetik datozen kamioiak heldu bitartean, materiala banatzeko hitz egindako elkarteekin egongo gara. Jende gutxi dago kalean. Hotz egiten du.