Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa

Tolosaldeko lau talde Gipuzkoako Herriarteko bertsolari txapelketan

Ataria 2017ko urt. 28a, 19:57

Taldekako bertsolari txapelketa antolatu dute, Gipuzkoako herrietako bertso mugimendua bultzatu, indarberritu eta ikustarazteko. Gaur aurkeztu dute Azpeitiko Sanagustin aretoan, Azpeitian ospatuko baita finala, maiatzaren 27an.

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakari Saroi Jauregik adierazi duenez, "parte hartzaile guztien txapelketa izango da, lehia baino gehiago, gozamena izango da ardatz. Guztiaren oinarria auzolana da". Elkarteak koordinazio orokorra eta saretze lana egingo du eta Herriartekoa antolatzen 267 lagun ariko dira, ordezkari, gai-jartzaile, epaile eta bertsolariak kontuan hartuta.

38 taldek eman dute izena eta talde bakoitzak, gutxienez, sei partaide behar ditu: taldearen ordezkaria, gai-jartzailea, epailea eta hiru bertsolari. Tolosaldetik lau talde aurkeztu dira:

Karidadeko Benta

Gai-jartzailea: Igotz Alkorta

Epailea: Jon Ormazabal

Ordezkaria: Mikel Maiz

Bertsolariak: Haritz Mujika, Joseba Otaegi eta Unai Mendizabal

Zazpi Astoren Gainean

Gai-jartzailea: Alex Goikoetxea

Epailea: Iker Laso

Ordezkaria: Maialen Oiartzabal

Bertsolariak: Imanol Irazustabarrena, Hodei Oiartzabal, Iñaki Artola eta Mikel Artola

Am...ona!

Gai-jartzailea: Iñaki Otaegi

Epailea: Aritz Garin

Ordezkaria: Ander Goikoetxea

Bertsolariak: Beñat Iguaran, Oihana Iguaran eta Amaia Agirre

26+

Gai-jartzailea: Oier Urkola

Epailea: Mikel Beloki

Ordezkaria: Imanol Artola Felix

Bertsolariak: Iñigo Gorostarzu Etxeorde, Adur Gorostidi eta Txomin Azpiroz

Datorren ostiralean hasiko da Herriartekoa eta lau fase izango ditu. Lehenengoan eta martxoaren 12ra arte, hiru-lau taldez osatu diren 12 multzotan lehiatuko dira bi itzulietara eta multzo bakoitzeko talde bakarra sailkatuko da. Hamabi taldeak lau multzotan sailkatu eta apirilaren 9ra arte jokatuko den bigarren fasetik lau talde baino ez dira igaroko finalaurrekoetara. Finalaurrekoak maiatzaren 6an Alegian eta maiatzaren 13an Bergaran jokatuko dira eta bakoitzean bi talde ariko dira. Bi talde onenek jokatuko dute finala, maiatzaren 27an, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.

Lehiatik kanpo geratu arren, taldeak amaierara arte izango dira ekimenaren parte, antolatzaileek jakinarazi dutenez.  Esan dutenez, www.bertsozale.eus/gipuzkoakoherriartekoa webgunean bilduko dute informazio guztia, eta sare sozialetan Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen Twitter eta Facebookeko profilen bitartez egingo zaio segimendua. Tolosaldeko Atariak ere jarraipena egingo die eskualdeko taldeei.

Lehen faseko lehen itzulia etxean jokatuko dute Tolosaldeko taldeek inauterien aurretik. 7 astoren gainean taldeak Aizkorpe jasoko du Alegiko gaztetxean, otsailaren 10ean, ostiralez eta 26+ taldea, Debagoienaren aurka ariko da Anoetan Kuku elkartean, otsailaren 12an, igandez. Otsailaren 17an, ostiralez, Am...ona! taldea Arnoperen aurka ariko da Villabonako Gaztetxean eta Karidadeko Benta, Ran rober ran taldearen aurka Asteasuko Itturriondo jatetxean.

Lehen itzulian honako lan hauek egin beharko dituzte bertsolariek: agurra puntuagarria (gehienez 5 minutukoa), binaka zortziko handian hiruna bertso (talde bakoitzeko kide bat), binaka zortziko txikian hiruna bertso (talde bakoitzeko kide bat), binaka hamarreko txikian hiruna bertso (talde bakoitzeko kide bat), bakarka bina punturi erantzun (talde bakoitzeko kide bat), bakarka gaia emanda bina bertso (talde bakoitzeko kide bat), binaka elkarri oinak emanez hamarreko handian bina bertso (talde bakoitzeko kide bat) eta taldeka, egoera bat proposatuta, koplatan, bederatzi kopla egin arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!