«Erreferente bat izan ginen; herri astintze bat, kontzientzia pizte bat»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urt. 26a, 16:44

Orain 50 urte sortu, eta Ez Dok Amairuko parte ere izan zen Oskarbi. Taldeak kontzertua eskainiko du ostiralean, 20:30ean, Tolosako Leidor aretoan.

Joselu Treku (Lezo, Gipuzkoa, 1949) Oskarbi taldeko sortzaile eta kidea izan da hasieratik, Ez Dok Amairuren parte ere izan zen. Taldearen historia luzea biltzen ari da udaberrian kaleratuko den liburu batean.

Hamabi aldiz izan zarete Tolosan eta badator hamahirugarren kontzertua. Nolatan itzuli da Oskarbi Tolosara?

Orain dela denbora pixka bat kontaktuan jarri nintzen Tolosako kultura arduradunarekin eta data bat jartzea bururatu zitzaigun.

Abesbatza batean hasi zen Oskarbi taldea.

Sortzaileak hala hasi ginen. Geroz ordea, aldatu da taldea. Don Boskon hasi ginen kantari umetan eta handik hasi zen ibilbide luze hau. Beste taldekideek ibilbide desberdinak egin dituzte.

Nola gogoratzen duzu hasiera hura? Lehenengo pausoen zer oroitzapen gordetzen dituzu?

Don Bosko abesbatzan genbiltzan eta esperientzia oso interesgarria izan zen. Ahotsak lantzen hasi ginen, armoniak egiten, euskal kantak lehen aldiz publikoan kantatzen, nahiz eta asko ez izan. 60. hamarkada zen eta koroa desegin zenean, hainbatek zerbait egin behar genuela pentsatu genuen, euskal kulturaren alde, euskararen alde, eta euskal kantagintzaren bitartez. Hori izan zen hasiera eta historia luzea izan da ondorengoa. Orain liburu bat ari naiz idazten horri buruz.

Noiz jaso ahal izango dugu liburu hori esku artean?

Ez dakit ziur. Seguruenik udaberrian ikusi ahal izango dugu.

Herri kantuekin batera doinu modernoagoak ere uztartzen zenituzten?

Orain dela 50 urte Eguberrietan gabon abestiak kantatzen hasi ginen. Taldea ezagutzera emateko zerbait egin behar genuela eta horrela hasi ginen. Geroxeago, modan zeuden kantuak euskarara itzuli eta kantatzen hasi ginen. Adibidez, Eurovision lehiaketakoak, edo filmetako kantuak, modan zeudenak alegia. Euskarari beste presentzia bat emateko egin genuen hori. Ordura arte, euskal kantagintza nahiko lotuta zegoen, guk ireki egin nahi genuen eta haize berri bat sartu euskal kulturan ere. Horretarako, euskal kanten bidean hasi ginen, bilatzen, sakontzen, eta kantatzen hasi ginen Ez Dok Amairurekin batera. Lau urtetan zehar batera kantatzen aritu ginen eta markatuta geratu zaigun esperientzia izan zen.

Ez Dok Amairurekin aritu zineten. Kontzertuetako giroa berezia zen protesta eta aldarrikapen kantuak nagusi ziren. Oholtzatik zer sentsazio?

Ez Dok Amairuk aro diferenteak izan zituen. Hasiera batean, artista bakoitzak bere kantutegiko kantuak abesten zituen. Adibidez, behin Tolosan, Xabier Lete, Benito Lertxundi eta Oskarbi aritu ginen eta hiru zatitan banatuta bakoitzak bere kantuak abesten zituen. Gero, Baga Biga egin zenean, ikuskizun bateratu bat egin genuen: musika, poesia, dantza... Gidoi batekin, taldeko lana bihurtu zen. Eta hor bukatu zen Ez Dok Amairu.

Zer ekarri zion Euskal Herriari kultur mugimendu hark?

Orduan ez ginen hain kontziente, baina, orain, perspektibarekin begiratuta erreferente bat izan ginela konturatu naiz, herri astintze bat, kontzientzia pizte bat, euskal kultura eta nortasuna. Euskal kultura eta euskararen presentzia areagotzen eta zabaltzen ahalegindu ginen.

Eraginkorra izan zen Ez Dok Amairuren lana?

Hala dirudi. Perspektiba historikoak hala dio. Eta oraindik erreferentzia bezala hartzen da.

Batzuek diote Ez Dok Amairu ez dela errepikatuko, besteek baietz. Zein iritzi duzu zuk?

Ez Dok Amairu testuinguru historiko batean gertakizun bat izan zen, eta hori ezin da berriro errepikatu. Antzeko zerbait ere gerta daitekeenik ez dut uste. Kontuan hartu behar da garai hartan hutsune handia zegoela, ez baitzegoen ezer. Baldin bazen, eliza inguruan izango zen zerbait, baina, bestela, frankismoaren linea beltza besterik ez zegoen. Eta hori suspertzeko eta zabaltzeko egin beharrekoa egin genuen. Gaur egun, beste momentu batean bizi gara.
Ez Dok Amairu debekatuta egon zen Gipuzkoan urte pare batean. Guk Oskarbi bezala abesten genuen, baina, Ez Dok Amairu bezala ez, baimenik ez baitzuten ematen.

Oskarbira bueltatuz, besteak beste, Ez Dok Amairun Artze, Lete eta Oteiza eta bestalde, Gandiagaren hitzak ere abestu izan dituzue, mugarri izan diren edo dira pertsona horiek euskal kulturan. Ohorea da beraiekin lan egitea?

Bai, asko markatu gintuzten. Oteizaren eragina hasieratik izan genuen. Gure hasierako zuzendaria izan zen, nire laguna zen eta haren bitartez, lehen diskoaren azala berak egin zigun eta gero, bere inguruan zenbait kantu egin genituen, Androkanto adibidez. Oteiza Arantzazuko apostoluak egiten ari zen garaian egin genuen. Eta Gandiagarekin berdin, garai hartan Arantzazun zegoen fraide eta han ezagutu eta harremanetan hasi ginen eta hortik ditugu kantutegiko 18 bat kantu bere poesiarekin eginak.

Kantu bat oso berezia duz

ue. Emanaldiak kantu horrekin amaitzen omen zenituzten.

Bai, Esperantzarekin. Orain ere askotan eskatzen digute.

1984an oholtza gainera igotzeko bidea utzi zenuten eta etapa berri bat hasi zen.

Lehenengo parte hori 66tik 84rakoa betea eta intentsua izan zen.  70 bat kantaldi eskaintzen genituen urtean, Euskal Herrian. Garai hartan ez ginen profesionalak. 84an oholtzara igotzeari utzi genion, baina, harremanetan jarraitzen genuen. 90etik aurrera berriro hasi ginen kontzertu batzuk eskaintzen. 2000tik aurrera erregularragoak izaten hasi ginen. Bost disko grabatu ditugu.

Zenbat kidek osatzen dute gaur egun Oskarbi taldea?

Tolosan, hamar lagun ariko gara oholtza gainean. Hamar eta bi txalapartari.

Emanaldiaren aurrerapena ematerik bai?

Hamasei bat kantu eskainiko ditugu, aro guztietakoak. Beti kantatzen diren bi edo hiru, eta gero batez ere disko berriko kantuak izango dira. Tarteko abestiak ere kantatzeko asmoa dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!