Duela hamalau urte, Piztu Itxaropena lelopean, Tolosaldea Sahararekin elkarteak lanari ekin zion. Hain zuzen ere, Aljeriako Tinduf herrian kokatutako kanpalekuetan dauden saharar errefuxiatuei elikagaiak bidaltzea. Baina, saharar herriak bizi duen egoera ez da XXI. mendeko kontua; 1976an hasi zen bertan gatazka politikoa. Gainera, urteak joan ahala, jasotako laguntza geroz eta txikiagoa da, eta beraz, egoera geroz eta larriagoa.
Elkarte horretako kideetako bat da Gregorio Eizagirre tolosarra. Eizagirrek badaki zer den kanpaleku horietan egotea; badaki bertakoen bizitza ez dela batere samurra, eta guri begira daudela, iristen den janari kopurua lagungarria den heinean, ez delako nahikoa.
Aurten, otsailaren 25ean jarriko da martxan elikagaiez betetako kamioi karabana, Donostiatik Alacanterantz abiatuko dira hiru probintzietan bildutako materialez beteta. Tramitazioak direla eta, ez dakite ziur noiz aterako diren itsasora; baina badakite, elikagaiak maiatzean iristen direla kanpalekuetara. Hala ere, janari bilketa abian da dagoeneko, eta Tolosaldearen kasuan, kultur etxe, ikastetxe, supermerkatu eta udaletxeetan dago horretarako aukera.
Biltzekoari dagokienez, honakoa da elkartetik eskatzen duten elikagaien zerrenda: azukrea, olioa, pasta, arroza, lekaleak, eta hegaluzea eta sardinak oliotan. Horien artean, azukrea izaten da gutxien jasotzen dutena; besteak bezain beharrezkoa da, ordea, te asko hartzen dutelako azukrearekin. Hori bakarrik ez. Konpresak, haurrentzako pixoihalak edota eskolako zenbait material (koadernoak, arkatzak...) ematea ere posible da. «Gauza desberdinak eskatzen dituzte», aitortu du Eizagirrek.
Lehen aipatu bezala, eskualdeko ikastetxe gehienetan material hori guztia biltzeko aukera dago. «Duela urte batzuk, Tolosaren kokapena aztertu ondoren, bertako eta inguruko ikastetxeetan kanpaina bati ekin genion». Hiru aste dira, urte berriarekin batera, ikastetxeetara ohar bat bidali zutela, dauden beharrez ohartarazteko. Gero, ikastetxe bakoitza bere erara antolatu da bilketari dagokionez.
Bilketa gauzatzeko epea, larunbatera arte luzatu dute. Egun horretan, gainera, Tolosako kultur etxean bilketa berezia antolatu dute goizean zehar, ahalik eta kilo gehien jasotzeko asmoz. Gero, egun batzuk behar izaten dituzte herri bakoitzekoa bildu eta kaxatan sailkatzeko. «Gure kasuan, karabana abian jartzean, inauteriak gainean izango ditugunez, lanak aldez aurretik amaituta izatea komeni zaigu», dio Eizagirrek. Hala ere, larunbaterako ekarpenik egin ezin duenak, otsaileko lehen astean janaria edota bestelako edozein material bidaltzeko aukera izango duela ohartarazi dute.
PERTSONA BAT, KILO BAT
Elikadura falta medio, anemia kasuak gero eta ugariagoak dira haur eta emakumeetan: 5 urtez azpiko haurren %53, haurdun dauden emakumeen %56, eta bularra ematen dutenen %77 daude gaixorik. Ideia horri jarraiki, mezu bat zabaldu nahi dute Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideek: pertsona bat, kilo bat.
Hitzaldietan behin eta berriz errepikatzen duten esaldia da; «herritar bakoitzak kilo bat utziko balu, pentsa zenbat kilo bilduko genituzkeen». Hortaz, bakoitzak beretik pixka bat emanez gero, guztion artean dezenteko kopurua bilduko litzatekela diote. Nahiz eta kopuru horrekin, arazoa konpontzea oso zaila den, badakite elikagai horiek lortzen badituzte, egun batzuetarako janaria izango dutela.
Ia 200.000 pertsona daude bertan; orduan, hemen egiten diren esfortzuak areagotu eta elkarlanean, EAEn 400.000 kilo elikagai biltzea lortzen badute, lan handia egingo litzake, eta Eizagirreren hitzetan, «hori ez da horrenbesterako».
ARAZOAREN OINARRIA
Mugimendu horrek, hala ere, elikagai falta gutxitu eta gaixoen kopuruak arintzeko balio du soilik. Eta hori ez da arazo larriena. Saharar herriak jasan duen jazarpen politikoa da hau guztia sortzearen erruduna. Duela 41 urte, Espainiak eta Marokok sinatutako tratuarekin, batetik Sahara okupatzen dutenak, eta bestetik kanpamenduetakoak banatzeak eragin zuen hau guztia.
«Guk arazo politiko hori konpondu nahi dugu», azaltzen du Eizagirrek, eta jarraitzen du, «gure ekintza guztietan, instituzioei deia zabaltzen diegu, bere esku dagoena egiteko». Azkenik, Espainiako Gobernuari arazoa konpondu eta bakoitza bere jaioterrira itzultzeko ahaleginak egin ditzaten eskatzen die. Ondorioz, esperantza bakarra dute: 2017a azken urtea izatea.