7.000 bat euro gutxiago, emakume izateagatik

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urt. 25a, 08:00

Sexuaren araberako lan banaketa ematen da oraindik, lan batzuk emakumeek egiten dituzte nagusiki eta hauetan soldatak baxuagoak izan ohi dira 


Datuak argiak dira. 2016an Euskal Herrian emakumeek 7.666 euro gutxiago jaso zituzten urteko lanaldiarengatik. Hau da, emakumeen urteko lan errenta gordina gizonezkoena baino %26,3 baxuagoa izan zen. Euskal Herriko datua da hori, baina Tolosaldeko errealitatea ere bera da. Herriz herriko azken datuak 2013koak dira eta hauen arabera, urte horretako emakumeen lan errentari dagokion kopurua gizonezkoena baino 6.962 euro baxuagoa izan zen, %43,77 gutxiago jaso zuten, alegia.
Tolosaldeko 28 herrietan izan zen baxuagoa emakumeen urteko errenta gordina, baina badira kopuru benetan altuak, herriaren biztanleria txikiarekin alderatuta. Abaltzisketan esaterako, 2013an 13.0627 euro gutxiago jaso zuten emakumeek urtean, eta Berrobin 12.099 euro. Amezketa eta Elduainen ere 10.000 euro bueltakoa da kopurua.

INEk bildutako Euskal Herriko datuei erreparatuta 2008an, krisi delakoa lehertu zenean, emakumeek, bataz beste, %38,6 gutxiago kobratu zuten urtean, eta 2013an %43,8a. Kopurua handituz joan da alegia. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datua 2008an %29,9koa zen eta 2013an %33,6koa. LABek krisiak bi soldaten arteko aldea areagotu duela esan izan du, eta egoerari buelta emateko borondate politikoa behar dela nabarmendu. Tolosaldean, ordea, kopuruan ez da horrenbesteko alderik egon.  Eustat-en datuei erreparatuta, 2001ean emakumeek urtean 7.742 euro gutxiago jaso zituzten (soldata gordina), hau da, soldatak %62,17 igo beharko lirateke gizonen soldaterekin parekatzeko. 2013an 6.962 euro gutxiago jaso zituzten, %43,77 gutxiago. Tartean hainbat gora behera izan ditu kopuru horrek, 2006an izan zuelarik igoerarik nabarmenena; 8.466 euro gutxiago jaso zituen, %55,91. 2009an aldiz 7.777 euro gutxiago izan ziren, %47,71, eta 2011n 7.435, %45,42.

Lanera bai, baina desberdin
Emakumeak lan merkatura sartzen joan dira etengabe, gaur egun lan egin nahi duten emakumeek, egin ahal dute, merkatuak berak dituen mugen barruan, beti ere, baina zein baldintzatan? Lan merkatuari dagozkion gizonezkoen eta emakumeen arteko mugak lausotu direla diote batzuek; emakumeak zuzendari nagusi izatera iritsi daitezkeela, enpresa berean lan bera eginda gizonezkoek eta emakumezkoek ez dituztela soldata desberdinak jasotzen, lan merkatuan txertatzeko eskubide berak dituztela... baina ingurura begiratu besterik ez dago, lan merkatuak dituen pitzaduretako asko emakumeei dagozkiela ikusteko.

Oraindik orain generoaren araberako banaketa egin daiteke soldatei erreparatuta eta horrek ez du bakarrik orainean eragiten, emakumeen etorkizunean ere badu eragina. Izan ere, independentzia ekonomikoari kalte larria eragitez gain, ondorioak dakartza erretiroan edo langabeziako gizarte-prestazioetan.
LAB sindikatuaren arabera, emakumeek oraindik orain, ordaintzen ez den lanaz arduratzen dira, etxeko lanak eta zaintza lanak. Sektore feminizatuak dira horiek. «Emakumeoi zaintza eta etxeko lanak egotzi dizkigute, emakumeen lan merkaturatzea oztopatzen dute eta era berean, lan merkatu horretan aitortza eta maila baxuagoko lanetara bideratzen gaituzte».

Etxeko langileak
Etxeko langileena da kasurik orokortuena eta emakumeak lan hauetara bideratzea ez dela kasualitatea dio sindikatuak. «Sistemak esparru pribatuan egiten diren lan hauei inolako aitortza eta baliorik ez ematea ez da kasualitatea, sistemak lan hauek modu sistematikoan emakumeoi egotzi izana ez da kasualitatea, lan hauek merkantilizatu direnenean baldintza prekarioenei eta miseriazko soldatei lotuak egotea ez da kasualitatea, lan hauek egiteko norbait behar izan dugunean edo kontratatu dugunean emakume bat hautatu izana ez da kasualitatea...».

Etxeko langileen kasua benetan muturrekoa dela dio sindikatuak. «Langabezia prestaziorako eskubiderik ematen ez duen lanbide bakarra da, ordutegi zabalak eta erabateko malgutasuna ditu...». Eredu berria behar dela dio LABek, «egungo sistema kapitalista patriarkalak ezarritako ereduari aurre egin» behar zaiola esan du. Gizonen eta emakumeen errentaren arteko desberdintasunak sexuen araberako lan banaketaren ondorioetako bat besterik ez dela dio sindikatuak.

Datuak herriz herri (2013ko datuak)

  • Abaltzisketa. Emakumeek urtean 13.627 euro gutxiago, %70,23.
  • Aduna. Emakumek urtean 8.048 euro gutxiago, %44,11.
  • Albiztur. Emakumeek urtean 5.033 euro gutxiago, %30,65.
  • Alegia. Emakumeek urtean 6.643 euro gutxiago, %46,35.
  • Alkiza. Emakumeek urtean 4.736 euro gutxiago, %29.
  • Altzo. Emakumeek urtean 7.590 euro gutxiago, %43,03.
  • Amezketa. Emakumeek urtean 10.579 euro gutxiago, %62,81.
  • Anoeta. Emakumeek urtean 7.744 euro gutxiago, %48,35.
  • Asteasu. Emakumeek urtean 6.125 euro gutxiago, %40,57.
  • Baliarrain. Emakumeek urtean 8.894 euro gutxiago, %41,31.
  • Belauntza. Emakumeek urtean 2.944 euro gutxiago, %24.
  • Berastegi. Emakumeek urtean 8.711 euro gutxiago, %50,88.
  • Berrobi. Emakumeek urtean 12.099 euro gutxiago, %67,35.
  • Bidania-Goiatz. Emakumeek urtean 3.366 euro gutxiago, %25,53.
  • Elduain. Emakumeek urtean 10.953. euro gutxiago, %55,75.
  • Gaztelu. Emakumeek urtean 2.769 euro gutxiago, %23,06.
  • Hernialde. Emakumeek urtean 3.179 euro gutxiago, %23,97.
  • Ibarra. Emakumeek urtean 6.453 euro gutxiago, %43,63.
  • Ikaztegieta. Emakumeek urtean 7.598 euro gutxiago, %50,94.
  • Irura. Emakumeek urtean 7.610 euro gutxiago, %38,86.
  • Larraul. Emakumeek urtean 5.779 euro gutxiago, %32,62.
  • Leaburu. Emakumeek urtean 8.860 euro gutxiago, %59,59.
  • Lizartza. Emakumeek urtean 5.944 euro gutxiago, %45,07.
  • Orendain. Emakumeek urtean 2.683 euro gutxiago, %17,86.
  • Orexa. Emakumeek urtean 4.501 euro gutxiago, %27,96.
  • Tolosa. Emakumeek urtean 7.013 euro gutxiago, %42,40.
  • Villabona. Emakumeek urtean 7.171 euro gutxiago, %47,15.
  • Zizurkil. Emakumeek urtean 5.999 euro gutxiago, %41,07.

Iturria. Eustat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!