Enirio-Aralar

«Ezin dugu nahi duguna egin parke naturaletan»

Tolosaldeko Ataria 2017ko urt. 18a, 08:02

Aranzadin orain hamasei urte zuten iritzi bera dutela dio Juantxo Agirre-Mauleon Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusiak: «Autoentzako bide sare hori Aralarko bihotzean inpaktu latza da naturarentzat».

Aranzadi Zientzia Elkarteak aurreko ostiralean Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ingurumen batzordean Aralarren ibilgailuentzako pistak egiteari buruzko iritzia eman zuen. Bertan izan ziren, besteak beste, Pako Etxeberria Aranzadi Zientzi Elkarteko lehendakaria eta Juantxo Agirre-Mauleon idazkari nagusia.

Zer iritzi du Aranzadik Aralarko pisten inguruan?

Orain hamasei urte genuen iritzi berbera dugu. Autoentzako bide sare hau Aralarko bihotzean inpaktu latza da naturarentzat eta mendiarentzat. Ezin dugu utzi gure parke naturala egoera horietan hurrengo belaunaldientzat. Arduratsu jokatu behar dugu une honetan, berriz ere.

Goroskintxura lehenengo bide bat zabaldu da. Hori ere ez duzue egoki ikusten?

Ez genuen egokia ikusten, eta bere garaian ez geunden honen alde. Kaltea eginda dago eta betiko. Ikusi duguna dokumentu ezberdinetan, eta Enirio-Aralar Mankomunitatean esandakoaren arabera, duela hamasei urteko egitasmo berbera burutu nahi dute. Hau da, ibilgailuentzat pistak egin Amezketatik Igaratzaraino, eta gero Saltarritik eta Alotzatik gertu. Horrek esan nahi du Aralarko bihotzean bide sare bat osatzen ari dela. Zatika aurkezten ari dira, baina helburu nagusia hori da eta horren atzetik dauden 2 milioi euroak horretara zuzenduta daude, besteak beste.

Zer inpaktu sortzen dute pistek?

Lehenengoa paisajistikoa da. Milioika urteetan mendi malkar horiek ukitu gabeak izan dira. Eta orain, gure makinekin eta gure teknologiarekin puskatzen ditugu formazio karstiko guztiak. Bigarren kalte handi bat da ibilgailuak sartzen ditugula, bere gasolioarekin, bere kutsadura guztiarekin, parkearen erdian. Ez dugu ahaztu behar Aralar kare haitza dela, zulatuta dago, eta lur azpian dagoen errealitatea lur azalean dagoena baino gehiago da. Eta hamarkada batzuk eman ditugu ikertzen hori guztia. Geologiaren arriskuen mapan aurreikusten da zonalde gorrietan ez direla ibilgailuentzat pistak egin behar. Hirugarren inpaktua bertako espezieak dira, hegaztiak eta beste animaliak. Trafikoarekin hori guztia aztoratu egiten da eta beste ingurumen egoera batera iristen gara. Higadura ere bai, ibilgailuekin eta egiten diren lan guztiekin areagotu egiten da. Azken batean, azpiegitura honen atzetik dagoen helburua da erabat ekonomikoa, eta eredu bakarra, jasangarria ez dena eta oreka mantentzen ez dena.

Bateragarriak dira pistak parke naturalen arauekin?

1996an Aralar parke natural izendatu zen. Horren atzetik ibili gara gipuzkoar guztiak, gure lurraldearen zonalde basatiena eta menditsuena hori delako. Eta guk gizakiok mugak jarri behar dizkiogu gure jarduerei. Ezin gara sartu toki guztietan modu berean. Eta izendatu genuen parke naturala natura zegoelako, espezie ezberdinak daudelako, mendi paisaia dagoelako, natura zaintzeko. Gizakiok eta gure jarduerak bigarren maila batean gaude, guztionak, hemen eta Europa osoan: mendizaleenak, turistenak, abeltzainenak eta artzainenak. Beraz, iruditzen zaigu batzuentzat kaltegarria dela Aralarko mendilerroa parke natural izendatzea, horrek mugak jartzen dituelako. Aralar ez da negozioa egiteko toki bat, baizik eta hurrengo belaunaldientzat uzteko naturagune bat. Guk defendatzen dugu artzaintza jasangarri bat, baina ez edozein modutan egina.

Aurkezpenean esan zenuten egindako ingurumen ebaluazioak zatika egin direla.

Beti bilatzen dira legeak itxi ez dituen bidexkak, eta hemen gauza bera gertatu da. Parke natural izendatu zenean 1996an, sekula ez genuen uste, ezta bertan egon zirenak arauak idazten, izendapen horrekin eta ordenazio plan horrekin, horrelako pisten proiektu bat gauzatzeko aukera izango zenik. Gipuzkoako Foru Aldundiak azken hogeita hamar urtetik gora lan egin du Aralarren artzaintzaren alde, txabola guztiak diru publikoarekin berritu dira, eguzki plakak jarri dira, eta askotan helikopteroz eramaten ziren eraikuntzako lanak. Guztiok ikusten genuen pista hauek egitea naturaren kontrakoak zirela. Orain, bapatean, hondeamakinekin sartu nahi dira toki horietara. Kontraesan itzela da. Euskal Autonomi Erkidegoa osatu zenean, antenak jarri behar ziren, eta Ganbo zen gailur altuena. EITB zabaldu nahi zen Iruñerriraino, eta Ertzaintzaren antena jarri nahi zen larrialdi zerbitzuetarako. Garai hartan gogoeta bat egin zen: ezinezkoa zen bide sare bat osatzea Aralarren bihotzean, parke naturalean. Gizakiok ezin dugu nahi duguna egin parke naturaletan. 

Aranzadik 2002an egin zuen txostena erabiltzen duzue elkartearen iritzia oinarritzeko. Nola osatu zen?

Urteetako gure ikerketen arabera, argitaratuta zeuden lan guztiekin eta guk jasotako datuekin batera. Aldundian legealdi berrian talde politiko guztiek aho batez esan zuten bide sare hau onartezina zela; nolabait ere giza oreka batera iritsi zen, eta onartu zuten Goroskintxuraino egitea. Geroztik lasai ibili gara, pentsatu baitugu gure agintariek heldutasun politiko bat zutela eta Europan dauden ingurumena zaintzeko irizpideak barneratuta zituztela. Sekula ez genuen pentsatu, berriz ere, hamabost urte geroago, egoera honetan egongo ginenik. 

Aranzaditik artzainei eta abeltzainei babesa eman zaiola azaldu duzu. 

Aranzaditik betidanik, duela 70 urtetik hona, artzaintzaren alde egin dugu, eta izan gara lehenengoak horren alde egiten. Euskal Herriko kulturaren parte garrantzitsueneko bat bezala goraipatuz artzaintzaren kultura, eta gure lehenengo ikerketak horiek izan dira. Bere garaian ere bultzatu genuen ura eramatea txabola guztietara, beti erakunde guztien aurrean bultzatu dugu diru laguntza zuzenak ematea artzainei. 2002tik aurrera handitu egin ziren diru laguntza zuzen guztiak. Besteak beste, 2014ean eta 2015ean diru laguntza handiak banatu ziren eta banatzen dira pertsona ezberdinen artean, abelburuen arabera. Gu horren alde gaude. Mankomunitateetako alkateekin hitz egin dugu, beti beraien alde egin dugu. Baina mugak daude: natura ezin da behin betiko izorratu eta kaltetu. Nola da posible parke natural baten erdian ibili kalean bezala? Ezin da.

Are gutxiago orain dagoen trafiko kontrolik gabe. Langa guztiak irekita daude. Inork ez daki zein sartzen den eta zein ateratzen den. Zenbat aldiz ateratzen diren, nondik ibiltzen diren. Eta gaur egun Mankomunitateari eskatzen diogu sarrera guztietan kontrolak jartzea, eta baimendutako ibilgailu bakoitzari kontrol bat jartzea gero jakiteko zer trafiko dagoen Aralarren erdian. 

Artzainek urteetan egindako jarduerak Aralarren egungo ingurumen balioetan eragin zuzena izan duela esaten da.

Hori ez da zuzena. Aralar parke naturala izango zen artzaintzarik gabe. Berez dagoen naturak, gizakirik gabeko natura horrek, badu nahiko gaitasun parke natural izendatzeko. Baina Aranzaditik eta hasierako ikerlariek emandako ikuspegiari esker, kultur paisaia hori, artzaintzak egindakoa, baloratu dugu. Ez da oso zaharra. Baditugu datu zuzenak 1821etik hona, zer-nolako pagadi eta baso mozketak egin diren, eta gero nola galtzen den lurra, eta nola etortzen den kare haitza. Lurraren galeraren prozesu batean gaude. Hau esanda, zer gertatzen zaio Aralarko parkeari artzaintza desagertzen bada, gizakiok desagertzen bagara? Bere betiko ingurumen oreka berreskuratuko duela. Naturak ez gaitu behar, bere bidea eta bere oreka du. Eta ehun urtetan berriz ere pagadiak izango ziren jaun eta jabe Aralarren. Beraz, guk ikuspegi anitza daukagu, eta artzaintzaren lana baloratzen dugu. Artzaintzaren eredu jasangarri bat nahi dugu. Orain dagoen modeloa da edozein mendietan egin nahi dutenaren bezalakoa.

Artzainek eta abeltzainek esaten dute ez dituztela lan baldintza egokiak. 

Ez dago inbentario sozioekonomiko zehatz bat. 120 pertsonek erabiltzen dituzte lur publiko horiek, eta diru laguntza publikoak jasotzen dituzte. Beraz, herri lurrak dira. Beraiek erabiltzen dituzte lur horiek beraien eguneroko lana atera ahal izateko, guztiok egiten dugun bezala. Kaleko langileok duintasun berbera dugu. Eta gizartean gauden guztiok gure zergetatik ateratzen diren diruekin laguntzen ditugu hor goian egiten diren lanak. Gu horren alde gaude, baina 120 pertsona horien artean ardiekin bakarrik 37 daude, beste guztiak abeltzainak dira. Guztien egoera aztertu behar da jakiteko kolektibo horren osasuna nolakoa den. Ez da egin, eta ezta egin ere bertako espezien egoera eta dinamika nolakoa den, ezta bertako higadura nola dagoen. Guzti hori egin gabe eta parkearen legearen eta babesaren izpirituaren kontra, bat-batean sartzen dute horrelako azpiegituren proiektu hau, eta erabat harrituta gaude.

Nola bateratu artzainen eta abeltzainen lan baldintzak eta parkearen babesa? 

Ez da erraza. Hondeamakinarekin eta hormigoiarekin ez da bidea. Egin behar dena da sakondu daukagun informazioa. Ikerketa gehiago egin, lehenengoa, giza kolektibo hori aztertu, zer gertatzen den hango naturarekin, parke naturala da ez gizakiongatik, natura eta espezieak daudelako. Hori ere aztertu behar da, gaurkotu egin behar da hori, inbentarioak egin behar dira, eta batez ere abiadura ez dugu hartu behar. Osatu behar da batzorde bat, irekia, eragile guztion parte hartzearekin, eta batez ere uraren politika egiten dutenak. Ibiur eta Lareo hor ditugu. Natura 2000 Sarean sartuta gaude, Europako Batasuneko ingurumenarekiko dauden irizpide guztiak onartzen ditugu, eta horrelako proiektu bat gauzatzen denean puskatzen da gure sinesgarritasun guztia, eta gure irudi guztia Europari begira.

Artzaintza bultzatzeko bide berriak egin behar dira, baina ez hondeamakinekin, baizik-eta pentsatuz nola antolatu artzain gazteak kooperatiba baten inguruan lan egiteko kolektiboki, lan kontratuekin, lan baldintza onekin, eta sarean lan egiten, ez bakoitza bere arloan. Halako proiektuei lagundu behar zaie.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!