Enirio-Aralar

[GUTUNA] Aralarko zirkua

Garikoitz Nazabal 2017ko urt. 17a, 13:40

Gipuzkoako EHNEren gogoetak plazaratuko ditut, egiatik gutxi duen zirku mediatiko bihurtu den gai honen inguruan. Azkenaldian zenbait diskurtso entzuteak zur eta lur uzten naute. 

Zerk bultza ote ditzake zenbait pertsona arinkeriaz, oinarrizkoa den eskubide baten urraketaz hitz egitera? Lehenik ere nahiko lotua eta gogorra den bizimodua arintzeko saiakeran aritzeagatik, irainak eta gezurrezko baieztapen ugari bueltan dira. Mugimendu ekologistak eta abeltzainok eskutik izan gara gehienetan lurraren defentsak batu izan gaituelako.

Oso era interesatuan zabaldu dira zenbait araudiren interpretazio eta tesi. Baina finean helburu batekin, mendiko abeltzaintza espazio horientzako kaltegarria dela pentsaraztea. Ematen duenez ez dira nahikoa kontrako baieztapena egiten duten ikerketak, ez eta herri jakintza bera, geroz eta kaletarragoak garen gizartean ahazten ari zaigun ondare kulturala, lurraren eta lurraldearen kudeaketan gizakiak izan dezakeen eragin positiboa, alegia. Argumenturik gabe geratzearen inpotentzia akaso? Ezin liteke ulertu bestela, «natur baliabideen ustiaketa eta kontserbazioaren arteko oreka» bilatu behar dela esatea, ez baita onartu nahi, abeltzaintza dela babes eremu izendatutako habitat horien sortzaile eta kontserbatzailea. Eta abiapuntua hau izanik, bideak egingo omen lukeen kaltea, gainerako onura guztia egiten jarraitzeko ordain bezala hartuko litzateke. Hala aitortzen dute Parkeko Araudiak edota ZEC-ak, baina hori al da kontua? Araudiak herriaren zerbitzura edo herritarrak araudien esanera?

EHNEkook garbi dugu, hartu-eman hau ezinbesteko dela bi aldeentzako, are gehiago Gipuzkoan dugun lur artifizializazio eta biztanleri tasa altuak ikusita. Elikadura burujabetzaren bidean jardun behar dugu herri honek aurrera bidea izango badu, eta ezinbesteko dira lan horretan mendi larreak, bailaretako baserriek ez baitute etorkizunik izango berauek gabe. Garbi dugu halaber, baserritarren bizi baldintzak hobetzen saiatuko garela, eta lan arriskuak gutxitzen, langile denentzako desio dugun moduan. Bide honetan bat eginarazten saiatuko gara alderdi politiko eta eragile sozial guztiak, Euskal Herriak etorkizunerako bidea izan dezan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!