Tolosaldeko Giltzarria

Giltzarriak informazio gunea zabaldu du Tolosan

Ataria 2017ko urtarrilaren 14a

Tolosako Aroztegieta kalean egongo da zabalik gunea martxoaren 19ra bitarte. Bihar amaituko da galdeketari begirako sinadura bilketa eta datorren larunbatean, urtarrilak 21, batzarra egingo da Beotibar frontoian galdera zehazten joateko.

Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidean, urrats garrantzitsua emango du Tolosaldeak martxoaren 19an eta galdeketaren inguruko zalantzak argitzeko aukera izango da Tolosan zabaldutako gunean. Gaur eguerdian egin dute inaugurazio ekitaldia eta herritar ugari gerturatu da bertara.

"Ea bakoitzak bere herrian eman behar duen botoa, zer behar den boto hori emateko, NANa aurkeztu behar ote den... pentsatzen dugu galdeketari begirako galderak izango dituela jendeak", esan du Beñat Sarasola Giltzarriako kideak. Zalantza guztiak argitzen saiatuko dira informazio gunean.

Gure Esku Dagok badu bere protokoloa eta galdeketa egin beharreko guztiak zehazten dira bertan. Behin sinadura bilketa eginda, datorren larunbatean hasiko dira martxoaren 19an Tolosaldean egingo den galdera zehazten, Beotibar frontoian egingo den batzarrarekin. Bertan parte hartu nahi dutenek, koordinazioa.giltzarria@gmail.com helbidera idatzi dezakete.

"Martxoaren 19koa beste inflexio puntu bat izango da, erabakitzeko eskubidearen inguruko beste ariketa bat", esan du Sarasolak. Giltzarriako kideek galtzak bete lan izango dituzte datozen asteetan, "baina erronka honi erantzuteko gogoz eta indartsu gaude" azpimarratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!