Euskal Herriko IX. Mus Txapelketako partidak asteburuan eskualdean

Bihar hasiko dira kanporaketak Anoetan eta Ibarran; urtarrileko asteburuetan zehar jokatuko dira gainontzeko partidak. Finala martxoaren 25ean Anoetan ospatuko da

Gurean ohikoa den mahai jokoa izanik eta txapelketa ezberdinak antolatzen zirela ikusirik, Euskal Herri osoko muslariak bildu eta lurraldeko txapelketa antolatzeko helburuari ekin zioten 2009an.

Lehen urte hartan, mila bikote inguru aritu ziren lehian, baina ordutik hona, ia bikoiztu egin da parte hartzaile kopurua. Gainera, azken urteetan emakumeen eta gazteen partaidetzak izan duen gorakada nabarmendu dute, joera hori zabaltzeko eta indartzeko nahia azalduz.

50.000 EURO SARITAN

Iaz, Euskal Herriko 220 herritan jokatu ziren txapelketako kanporaketak, eta aurten ere eskualdeko zenbait herritan jokatuko dira partidak. Martxoan, Anoetan jokatuko den finalean, 50.000 euro baino gehiago banatuko dira saritan; horretaz gain, parte hartzaile guztiek kamiseta eta oroigarri bat jasoko dute.

Parte hartzeko, herrian antolatzen den lekuan agertzearekin eta bikoteko 20 euro ordaintzearekin nahikoa da. Eta, herriko kanporaketan parte hartzeko asmoa duenak, www.ehmus.eus webgunean aurkituko du informazio guztia.

 

ESKUALDEKO PARTIDAK

Aurrekanporaketak

Anoeta. Urtarrilaren 13an (ostirala) Arkupe tabernan, 22:00etan.

Ibarra. Urtarrilaren 13an (ostirala) Xepla elkartean, 22:00etan.

Ikaztegieta. Urtarrilaren 20an (ostirala) herriko ostatuan, 22:00etan.

Zizurkil. Urtarrilaren 21ean (larunbata) herriko zentroan, 16:00retan.

Alegia. Urtarrilaren 28an (larunbata) Hilario tabernan, 15:30etan.

Bidania. Urtarrilaren 28an (larunbata) Saiaz elkartean, 16:00retan.

Billabona. Urtarrilaren 28an (larunbata) Kultur Etxean, 16:00retan.

Gipuzkoako finala

Ibarra. Otsailaren 25ean (larunbata) herriko frontoian, 15:00retan.

Euskal Herriko finala

Anoeta. Martxoaren 25ean (larunbata) herriko frontoian, 15:00retan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!