Bisitatuena gogoratuz

Ane Urkola 2017ko urt. 5a, 11:31

Ataria.eus agerkariak ia milioi bat bisita izan ditu 2016. urtean. Zein orri eta albiste izan dira irakurrienak? Albiste horiek bildu eta urteko errepasoa egin du ‘Tolosaldeko Ataria’k.

Amaitu da 2016. urtea eta hasi da urte berria; ailegatu da, beraz, balorazioak egiteko unea, baita Tolosaldeko Atariaren webgunearentzat ere. Ataria.eus webgunea gero eta indar handiagoa hartzen ari da urtez urte; 2016. urtean, 956.571 bisita izan ditu webguneak, eta hilabetero 80.000 bisita izan ditu, batez beste. Sare sozialetan ere gero eta jarraitzaile gehiago ditu: Facebooken 3.617, eta Twitterren 3.331. Azpimarragarria da, gainera, jarraitzaileak oso aktiboak direla; albiste ugari elkarbanatzen dituzte bisitariek, eta albisteen inguruko iritzia ere ematen dute askok eta askok sare sozialek eskaintzen dituzten moduak erabiliz.

Webguneko atalik bisitatuenak herrien orriak eta argazki galerien orriak dira; bisitari asko beren herrien ataletan sartzen dira albisteak irakurtzera, eta ekimenetako argazkiak ikustea ere gustuko dute. Eskualdean garrantzia handia duten ekimenen atal bereziek ere bisita ugari izan dituzte: XIV. orduak, Ataria Pilota Txapelketa, Inauteriak eta herriko festak, esaterako. Albiste bitxiek ere arrakasta handia izan dute Tolosaldeko Atariako jarraitzaileen artean: horien artea daude N-1 errepidean, aurkako noranzkoan gidatu zuenaren inguruko albistea, pertsekuzio luze baten ondoren, bi pertsona atxilotu izana edota David Bisbal abeslari espainiarraren bisita, besteak beste.

Sakontasunez jorratutako albiste eta erreportajeak ere oso irakurriak izan dira; Irune Alfonso lodiaktibistari egindako elkarrizketa, Carmen Ferrori amatasunaz eta aitatasunez egindakoa edota familia eredu berrien inguruko seriea, esaterako. Ataria.eus webgunean zeresan handiena eman duten albisteak honakoak dira:

TOLOSAKO GAZTE ASANBLADAREN OKUPAZIOA

Tolosako Ezpala gaztetxearen aldeko mobilizazioa izan zen urtarrilean, eta protestaren erdian Limousin etxea okupatu zuten. 30 gazte inguruk giza-harresi bat osatu zuten eraikinaren atarian. Ertzaintzak gazteak banan-banan ateratzeari ekin zion eta 30 gazte inguru identifikatu egin zituzten. 600 euroko isun ekonomikoak iritsi zaizkie gazte horiei, eta bi gazte auziperatu dituzte, Tolosako Gazte Asanbladako kideek azken asteetan salatu dutenez.

ERASO SEXISTAK VILLABONAKO ETA IBARRAKO FESTETAN

Ibarrako Gazte Festetan, bi emakume drogatu eta bahitu dituztela salatu zuten Ibarrako Gazte Asanbladak eta Ibarrako Emakume Taldeak. Era berean, Villabonako festetan, emakume batek salatu zuen droga bota ziotela edarira, eta hurrengo goizean ospitalean esnatu zela. «Beldurra aldez aldatuko dugu, eta ez dugu onartuko norbanakoaren eskubide urraketarik», adierazi zuen Onddo Gazte Asanbaldak gertaera salatzeko egindako prentsaurrekoan.

IBAN AGIRREK DIMISIOA AURKEZTU DU

Iban Agirre Amasa-Villabonako alkateak dimisioa aurkeztu zuen ekainean. «Laneko giroa ez zen nik nahi bezalakoa» adierazi zuen orduan. Aste gorabeheratsuak izan ziren Villabonako Udalean, eta hilabetearen amaieran Maite Izagirre zinegotzi jeltzaleak hartu zuen bere lekukoa. Bilkuran ika-mikak izan ziren alkatearen soldataren harira.

ANDONI OTEGI PRESO POLITIKOA LEABURUN

Andoni Otegi preso politiko leaburuarraren ama hil zen uztailean. Hileta elizkizunetara ekarri zuten, eta bertaratutakoei hitz batzuk esateko aukera izan zuen. Otegik herritarrei idatzitako gutunak ere jarraipen zabala izan zuen: «Ez gaitzala utzikeriaren gaitzak gaitzerdian harrapatu, euskal gatazka honen sustrai eta ondorioak konpontzen beti gerorako utzi ditugulako», adierazi zuen bertan.

KONTSUMO MATXISTAREN AURKAKO PINTAKETAK

Ikamika handia piztu da urtearen amaieran, Tolosan. «Kontsumo matxistaren aurkako» pintaketak agertu dira hainbat dendatan. Ekintzaren inguruko albisteak zein ondotik etorritako iritzi artikuluek eta gutunek jarraipen handia izan dute ataria.eus webgunean eta sare sozialetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!