Tolosaldeko Giltzarria

3.646 sinadura bildu ditu Tolosaldeko Giltzarriak galdeketarako

Ataria 2016ko abenduaren 29a

Gaur Villabonan Antzuola eta Azpeitiko esperientziak ezagutzeko aukera izango da eta mosaiko erraldoia egingo da etzi, Tolosan.

Tolosaldeko Giltzarriako kideek lanean jarraitzen dute martxoaren 19an eskualdean egin nahi duten galdeketa bideratzeko. Izan ere, galdeketa egin ahal izateko herritarren babesa behar dute eta hori sinadura bidez ari dira gorpuzten. Eskualdeko herri askotan jarri dituzte sinadurak biltzeko mahaiak azken aste hauetan eta iragarri dutenez dagoeneko 3.646 jaso dituzte. Hurrengo egunetan jarraituko dute sinadura gehiago biltzen.

Tolosaldeko Giltzarriak hainbat hitzordu antolatu ditu Eguberrietako datak baliatuz. Alde batetik, gaur, mahai ingurua egingo dute 18:00etan, Aljibean, Amasa-Villabonako Gure Esku Dagok antolatuta. Antzuolako eta Azpeitiko kideek beren herri galdeketaren esperientziak izango dituzte hizpide.

LARUNBATEAN MOSAIKO ERRALDOIA TOLOSAN

Urteko azken egunean, berriz, mosaiko erraldoia egingo dute Tolosan Amestetik sinestera, piztu erabakia! lemapean. Urtezahar egunean 18:15ean egin dute hitzordua Tolosako Euskal Herria plazan, eta argazkia aterako dute 19:00etan. Erabakitzeko eskubidea gauzatzearen alde dauden herritarrak gonbidatu dituzte datorren larunbateko hitzordura azaldu daitezen mosaikoan parte hartzera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!