Irakurleen eskutik egiten da, etorkizunera bidea

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko abe. 29a, 11:30

'Tolosaldeko Ataria'-k 300 inkesta baino gehiago bildu ditu joan den urrian, eta irakurleen ekarpenak mamitzen ari dira orain.

2013. urtean sortu zenez geroztik, TOLOSALDEKO ATARIA-k etengabeko ikaskuntzarekin uztartzen du eskualdeko aktualitatea. Garai berrietara egokitzea da egungo komunikabideen erronka handienetakoa, eta ATARIA-k irakurleen eskutik egin nahi du bide hori. Horrela, beraz,irakurleek betetako 300 inkesta baino gehiago jaso zituen joan den urrian, internet nahiz telefono bitartez, produktua eta zerbitzua hobetzen jarraitzeko.

www.ataria.eus webgunearen bitartez, guztira, 228 pertsonak erantzun zituzten TOLOSALDEKO ATARIA-k proposatutako galderak eta, erantzuna emandakoen artean zeuden Atarikideak (43), inoiz ATARIA-ko, Tolosaldeko Hitza-ko edo Galtzaundi aldizkariko harpidedun izandakoak (30) eta informazioa internet bitartez soilik jasotzen dutenak (155).

Bide beretik, 96 izan ziren telefonoz egindako inkestak, harpidedunen eta noizbait harpide izandakoen artean.

Ehunka izan dira galdeketa horietatik guztietatik jasotako iritzi, ideia, eskaera eta proposamenak, TOLOSALDEKO ATARIA-ko lantalde berezi bat buru-belarri ari da, orain, irakurleen gogoa sailkatu eta bideratzeko ahaleginean.

PROPOSAMENAK, BELAUNALDI BERRIEI BEGIRA

Irakurleen begirada kritikoa ezinbesteko osagaia da, informazioaren truke-sokan, eta TOLOSALDEKO ATARIA-ren erabiltzaileek bidezidor asko ireki dituzte inkesta-erantzunetan, egitasmo berrietara iristeko.

Komunitatearen atala indartzeko eskaerak bat baino gehiago izan dira. Tolosaldeko talde, eragile nahiz alderdi politikoek www.ataria.eus-en duten txokoa da komunitatea eta, zenbait erabiltzaileren iritziz, leku ikusgarriago bat beharko luke webgunean.

Kulturari begira ere jarri dira irakurleen betaurreko finak, eta musikari nahiz zinemari atal bana eskaintzea oso begi onez ikusiko lukete askok, eskualdeko eskaintza zabalera agerkariaren bitartez ere iristeko.

Eta, TOLOSALDEKO ATARIA-ren produktuari buruz iritzia ematearekin batera, irakurleek beste herritarren iritziaz egunero elikatzeko irrika ere erakutsi dute, inkestetan. Askok eta askok, ostiraleroko astekaritik kanpo zutabeak argitaratzea eskatu dute.

Azkenik, bada grina orokor bat, etorkizuneko irakurleen artean: hezkuntzari, haurrei nahiz gazteei begirako eduki gehiago landu eta argitaratzearena. Hezkuntzari buruzko erreportajeak eskatu dituzte Tolosaldeko emakume-gizonek, eta baita etorkizuneko irakurleak, gaurko gaztetxoak, ATARIA-ra erakartzeko gaiak ere.

BATZUENTZAT BELTZA DENA, BESTEENTZAT TXURI

300 irakurletako askoren iritzi eta erantzunak bat etorri diren modu berean, urrian egindako inkestetan, mutur bateko zein besteko iritziak ere jaso ditu ATARIA-k, galdera beraren inguruan.

Euskarari dagokionez, esaterako, bada agerkariak hizkuntzari gehixeago begiratu beharko liokeela uste duenik, eta baita ATARIA-ren euskara, tokiko komunikabide baterako, jasoegia dela dioenik ere.

Ekarpen-talkarekin jarraituz, papereko bi produktuen diseinuak askotariko iritziak sortzen ditu irakurleen artean: maketazio oso irekia eta erosoa suertatzen zaie zenbaiti eta, aldiz, TOLOSALDEKO ATARIA-ren papereko edizioak erakargarriagoa izan beharko lukeela diote beste batzuek.

Eguneroko albisteen errenkadatik kanpo aukeratutako gaiekin ere, eztabaida sor liteke erabiltzaileen artean. Izan ere, eduki zenbait errepikakorrak iruditzen zaizkie irakurle batzuei, eta beste askok kontrakoa balioesten dute, hain zuzen: gaien aniztasuna.

Eta, errealitate berberari hamaika betaurrekorekin begira dakiokeela berresteko, ideologien balantza ere hizpide izan dute irakurleek. Haietako batzuen arabera, aniztasun politikoa TOLOSALDEKO ATARIA-ren hutsuneetako bat da, izan ere, ezker abertzalearen ildora lerrokatutako komunikabidetzat dute.

Kotrara, bada ATARIA-ren oreka ideologikoa azpimarratu duenik ere, eta, adibidez, zenbaitek eredugarritzat jo du hauteskunde garaian komunikabideak Tolosaldeko alderdi politiko guztiei eskainitako tratu parekidea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!