'Giza eskubideak, bakea eta irtenbidea' eskatuko dituzte Aiztondon

Ataria 2016ko abenduaren 27a

Abenduaren 31n Villabonako Errebote plazatik aterako da 19:00etan manifestazioa eta Zizurkilgo Joxe Arregi plazan amaituko da Aiztondoko sei udalek deituta.

«Herri honetan behin betiko konponbidea eta bakea eskuratzea ez da posible izango guztien eskubideak errespetatu arte». Hori uste dute Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo udalek eta horregatik, «gainerakoenak bezala» euskal presoen eskubideak «errespetatuak» izan daitezela eskatzen dute, «euren Euskal Herriratzetik hasita».

Aiztondoko udalek eskaera hori berretsi eta herritarrei urte zahar egunean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu diete, «giza eskubideak, konponbidea eta bakea» aldarrikatzeko. Udal hauen esanetan, «urteko azken eta urte berriko lehen egunak, senide eta lagunekin egoteko, Olentzerori ongi etorria egiteko, aspaldi ikusi gabeko pertsonak berriz ere ikusteko, elkar besarkatzeko, herri giroaz gozatzeko, otordu goxoak egiteko... aproposak dira». Baina era berean uste dute egun hauek baliatu behar direla, «guztien eskubideak errespetatu daitezen eskatzeko, ehunka eta milaka kilometrora dauden presoek etxetik gertu behar dutela argi esateko».

Aurten Villabonatik Zizurkilerako bidea egingo duen manifestazioarekin hiru eskaera egingo dituzte elkartzen diren herritarrek. Bat: dispertsioa amaitzea eta euskal presoak Euskal Herriratzea, «beharrezkoa baita presoei eta batez ere beren familia eta eta lagunei bidegabeko zigor erantsia ezartzen dien sakabanaketa politikarekin behin betiko amaitzea». Bi: gaixotasun larri edota sendaezinak dituzten presoen kaleratzea, «espetxetik irten eta etxetik hurbilen dagoen erietxean egoteko eskubide osoa baitute, espainiar legedian bertan jasota dagoen bezala». Eta hiru: 70 urtetik gora dituzten presoak kaleratzea.

Exijentzia horiekin bat egiteko eskaera luzatu dute Larraul, Aduna, Zizurkil eta Alkizako udal ordezkariek Aiztondo bailarako sei udalen izenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!