Zubietako planta eraikitzeko lanen adjudikazio prozesua geldiarazi edo ez erabaki behar du Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako 3. Epaitegiak, eta ebazpena gaur GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak lizitazioa ofizial egin aurretik jakitea espero bazen ere, ez da hala gertatu. "Harrituta eta nahastuta" agertu dira GuraSOSeko kideak. Beldur dira lizitazioa eman, eta epaileak prozesua geldituz gero, kalte ordainen bidea irekiko ote den. Gainera, horrek geroko elkarrizketa zailduko lukeela ohartarazi dute.
Baina auzitegien zain egon gabe egin du lizitazioa GHK-k. Prentsaurrekoan agertu dira Markel Olano eta Jose Ignacio Asensio, eta pozarren esan du Olanok: "Hitza bete dugu". Urbaserrek egingo du Zubietarako proiektua, Olanoren arabera, ingurumen aldetik, egokiena izan delako. Protestak espero dituela gaineratu du Gipuzkoako Ahaldun nagusiak, baina Foru hauteskundeetako emaitzek zilegitasuna eman ziela ohartarazi du.
Errauste plantak teknologia "malgua" izango duela esan du Asensiok, eta ingurumeneko eraginari begira, ez zegoela "hautu hoberik". Dena da onura, bere hitzetan; aukera "iraunkorrena" eta kostu urrienekoa.
Hain justu, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deituta errauste plantaren kontrako manifestazioa egiten ari dira Gipuzkoa Plazan ehunka lagun.
Jarraitu albistea irakurtzen Berria egunkarian.