Tolosaldea, oles ta oles

Tolosaldeko Ataria 2016ko abenduaren 24a

Ikastetxeetako neska-mutilak, kuadrillak, gaztetxeak, abesbatzak, otxoteak,.... Eskualde osoa kantuz da gaur, Gabon gauaren ataria eztarri gozoenekin girotuz.

Goizean goiz ekin diote askok egunari eta, beste hainbatek, berriz, eguerdi ataria aukeratu dute Gabon kantu kuttunenak abesteko. Orduak ordu, ordea, guztiak ari dira oles eta oles, Gabon kanturik kuttunenak abestuz.

Anoetako gaztetxeko kideak goiztiarrenetakoak izan dira, eta 08:30ean elkartu dira 40 gazte inguru. Ateaga baserrian hamaiketako ederra egin dute, eta zahar etxean bazkalduko dute gero. Villabonan ere, gaztetxeko taldea kalez kale atera da kantuan, eta baita ikastetxeetako haurrak ere.

Hernialden egun berezia dute gaurkoa, 25. urtez irten baita, gaur, herritar taldea, eskean. Igaro Balda alkatea aritu da hernialdetarren ahotsak zuzentzen.

Tolosan, ikastetxe bakoitzak bere ibilbidea egin du, eta Plaza Zaharrean elkartu dira guztiak, hiru kantu batera abesteko; lepo bete da plaza.

Alegian ere ikastetxetik abiatu dira gaztetxoak, gurasoen laguntzaz, eta auzo inguruan ekin diote ibilbideari, maindire zuriarekin herritarren txanponak jasoz. Olentzero ere alboan izan dute.

Amezketan ere eskolatik abiatu dira kantu-jira hasteko, eta akordeoi doinuak izan dituzte lagun.

Iruran ikastolako ikasleek herriko baserrietan jo dute atea, eta Ibarran plazaz plaza ibili dira, artzain eta artzain-andreak.

Bidania-Goiatzen Olentzero eta Mari Domingi txikiak ere bertaratu dira Gabon kantuan entzutera.

Gabon gaua aldarrikapenek ere betetzen dutenez, Villabonan nahiz Tolosan dispertsioaren aurkako mezua plazaratzeko ere baliatu dute kantu-jira.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!