Enirio-Aralar Mankomunitatearen osoko bilkura egin zuten herenegun arratsaldean eta bi gai nagusi onartu zituzten. Batetik, 2015-2019 legealdiko kudeaketa plana, eta, bestetik, 2017. urtean Eniriotik Igaratza arteko oinezkoen bidea ibilgailuentzat egokitzea. Mankomunitateak «bere mendiko beharrak identifikatu eta lehentasunak jarri» dituela zehaztu du bidali duen oharrean: «Lehentasun horien artean daude irisgarritasunarekin lotutako azpiegitura sarea egokitzea, larre garbiketa lanak egitea eta txabolak egokitzea. Inbertsio behar hauek Gipuzkoako Foru Aldundiari luzatu zaizkio».
Mankomunitateko beharren zerrendari eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek aurreko astean onartutako ebazpenari erantzunez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Legealdiko Kudeaketa Plan bat landu duela azaldu du Mankomunitateak, eta bere egin duela osoko bilkurak. «Lau urteko plan hau 2 milioi eurorekin hornitua izango da eta Mankomunitateak identifikatu dituen inbertsio beharrei aurre egiteko zuzendua dago», zehaztu du.
Bileraren amaieran Mankomunitateko lehendakaria eta Ordiziako alkatea den Jose Miguel Santamariak adierazi zuenez, «egun historikoa izan da gaurkoa. Artzain eta abeltzainei esker daukagu egungo Aralar, eta gizarte hau zorretan zegoen urte askotan bere bizi eta lan baldintzak egokitzeko erraztasunik eman ez diogun sektore honekin». Hurrengo pausoa aldundiarekin hitzarmena sinatzea eta Enirio eta Igaratza arteko bidea egokitzeko lanak egiteko prozedura martxan jartzea izango dela azaldu du Santamariak, eta gaineratu duenez, «erabaki honek artzain eta abeltzainen elkarlana eta konfiantza indartzen lagunduko duelakoan nago, hauei esker lortuko baitugu gure mendietako natur balioen kontserbazioa».
EH BILDU-K KRITIKA BERAK GOBERNATZEN DITUEN ZENBAIT UDALI ETA EAJ-RI
Bi gaien onarpena bozkatzerakoan, Mankomunitateko 15 udalerrietatik hamarrek eman zuten baiezkoa: Ordizia, Altzaga, Beasain, Gaintza, Lazkao, Ataun, Amezketa, Orendain, Arama eta Abaltzisketa. Baliarraingo ordezkaria abstenitu egin zen, eta lau udalerrik, bilera lekura joan baziren ere, ez zuten bileran parte hartu: Itsasondo, Legorreta, Ikaztegieta eta Zaldibia.
Azken lau udalerri horietan EH Bilduk du alkatetza, eta baiezkoa eman duten hirutan ere bai, hau da, Amezketa, Orendain eta Ataun. EH Bildutik azaldu dutenez, Aralarko gaiaren inguruan «2016ko udan barne dinamika bat martxan jartzea erabaki genuen, pertsona eta eragile ezberdinen iritziak jaso eta oinarrizko adostasun zabalena lortzeko asmoz». Dinamika horren ondorio izan dira, EH Bilduk Mankomunitatean «defendatu dituen ekinbide guztiak», zehaztu dutenez: «Goroskintxurainoko pistaren egikaritzatik hasi, 2003tik blokeatuta zegoen gaia, eta parke naturalaren inguruko erabakiak hartzeko plan estrategikoa gauzatzeraino».
EH Bilduren posizionamendua «argia» dela diote: «Ondarea konpartitzen duten pertsona ororen beharrei ahalik eta modu egokienean erantzutearen aldekoa eta auzi honetan eragina duten faktore guztien arteko oreka bilatzearen aldekoa». Irailaren 19ko Mankomunitatearen batzarrera Egitamu planaren berritze proposamena horregatik eraman zuela gaineratu du: «Honen bidez, etorkizunean nolako Aralar nahiko genukeen guztion artean hausnartzeko tartea hartzea eta plan bat osatzea proposatu genuen, hurrengo urteetan hartu beharreko erabakiak zein behar zuten izan lehentasunen arabera zehazteko».
EH Bilduk kritika hau egin dio EAJri: «Etengabe, eztabaida, pistak bai/pistak ez parametroetara eraman nahian ibili da. Hau tamalgarria dela uste dugu, Aralarren moduko ondare baten gainean modu estrategikoan pentsatu eta erabakiak hartu beharrean, berehalako interes eta alderdikoiei soilik erantzuten dieten pausoak eta erabakiak hartu baititu». Horren «adibide garbiena» mankomunitateko batzarra izan dela esan du: «Oinarri teknikorik gabeko proiektu jakin batzuen aldeko diru partidak mahai gainean jarri zituen, eta hau xantaia egiteko erabili».
Era berean, Amezketa, Ataun eta Orendaingo udal ordezkarien jarrera kritikatu du EH Bilduk: «Pertsona hauek ez dute Tolosaldea eta Goierriko ordezkarien artean adostutakoa defendatu. Ez dute zintzo jokatu barne dinamikarekiko, eta horrela EAJren estrategiaren gatibu bihurtu dira».
«AHAZTU EZINEKO EGUNA»
Xabier Iraola ENBA sindikatuko koordinatzaileak azaldu duenez, «abenduaren 20an ahaztu ezineko eguna izango da Gipuzkoako nekazaritza sektorearentzat, azken urteotan egin gabe utzi diren azpiegiturei argi berdea eman zien batzarra ospatu baitzen».
Iraolak gaineratu duenez, «batzar aretoan ederki asko nabarmendu zen azken hilabeteotan bizitu dugun sestran izaniko alde bakoitzak Aralarkoari ematen dion garrantzia: bertan ziren, aurrez pankarta aurrean egondako ekologista bakan batzuk, eta, bestalde, beren eguneroko bizi eta lana mendian egiten duen abeltzain mordoa». Iraolak dioenez, «benetan hunkigarria izan zen abeltzainek erakutsitako erantzun indartsu eta baketsua».
Bestalde, Iraolak bere esker ona azaldu die baiezkoa bozkatu zuten udal ordezkariei eta «gure ohartarazpena, joko-zelaira ateratzeko gai izan ez zirenentzat». Hemendik aurrera, Iraolak gaineratu duenez, «sekulako lana dugu paperean jasotako plangintzak gauzatzen, baina argi dugu, [bilkuran jasotako] indarraz baliatuta, elkarlanean, abeltzainak eta udal ordezkariek, beste behin ere, aurrera egingo dugula».
«ABELTZAINAK EZ DIRENAK BAZTERTZEN DIRA»
Bere aldetik, Landarlan Ingurumen Elkarteak bilkuran gertatutakoaren iritzia eman du: «Berriro ere Mankomunitateak artzainak eta abeltzainak ez diren herritarrak baztertu ditu, haien iritziak kontuan izan gabe eta Aralarren interesatuta dauden sektore ezberdinekin bildu eta eztabaidatu gabe. Aralar Natur Parkea dela ezkutatu eta bere kontserbaziorako diren mugak aintzat ez ditu hartzen, eta artzain eta ganaduzaleak alde batetik eta naturazale eta ekologistak bestetik aurrez aurre jarri nahi ditu».
Landarlanetik gaineratu dutenez, «harrituta geratu gara jakitean bilkuran eztabaidatu behar ziren gaietako dokumentazioa lau egun lehenago besterik ez dutela jaso udal ordezkariek; horrelako erabakiak hartzeko denbora oso gutxi, udal ordezkari batzuek adierazi duten bezala». Bestalde, kexu azaldu da Landarlan: «Mankomunitateak oraindik, Goroskintxuko pista amaituta dagoen arren, ez digu bidali ingurumen jarraipenerako programa, gure informazio eskubidea urratuz».
Aldundiaren kudeaketa plana kritikatu du ere: «Pistak justifikatzeko prestatutakoa da, eta artzaintza eta abeltzaintzaren aldeko txostenak besterik ez ditu kontuan izan, eta ez Natur Parkearen balio eta mehatxuei buruzkoak diren beste txosten piloa».