Euskara hartuko dugu aitzakia hurrengo lerroak idazteko. Euskara. Arnasa. Tolosaldea. Arnastu euskara ekimena, taldea edota leloa forma hartu nahian ari da. «Udaberrian ikusiko du argia ekimenak, baina, aurrera begirako proiektua izan nahi du; momentuz leloa dugu, eta guztia irudikatuko duen logoa falta zaigu», azaldu du taldearen zati den Imanol Artola Galtzaundi euskara taldeko teknikariak.
Bada, udaberrian lehertuko da ekimena, baina, motorrak berotzen hasia da, batez ere, herritarrak bertara elkartzeko: «Jendearen motibazioaren araberako handitasuna izango du, noski, baina gu motibazioz gainezka gaude eta espero dugu eskualdeko jendea ere motibatuko dela ekimenaren inguruan. Ez dakit zenbaterainoko dimentsioa hartu dezakeen, baina nik uste, nahiko handia izango dela», dio Artolak.
Ekimenaren bultzatzaileek handia izatea nahiko lukete, batik bat, Tolosaldea bera arnasgune dela kontuan hartuta. «Euskaraz bizi gara Tolosaldeko herri askotan, gehiengo batean. Beraz, ezaugarri asko daude ekimenak handia izan behar duela aurreikusteko», gaineratu du Artolak.
Euskararen inguruan, norbanakoak eta eragileak dagoeneko elkartu dira: «Tolosalde guztiko elkarte eta eragiletako jendea gaude, udaberrian Arnastu Euskara lelopean egin nahi dugun festa horri forma emateko. Momentuz hori da aurreratu dezakeguna».
Egunerokotasunean euskararen alde lanean jende asko aritzen da, isilpean. «Dela eskolan, lantokian, familian, lagun artean, aisian,... eta askotan euskararen alde etengabean aritzen garenok, jende asko deseroso sentiarazten dugu». Baina jende horren lana ezinbestekotzat du Artolak: «Momentu batean euskaltzale jende guzti hori batera elkartuz gero, eragileak edota norbanakoak, lan isila egiten duen jendea... bakarrak ez direla eta bakarrik ez daudela esateko momentua izango da».
Beraz, arnasa hartzeko, hauspotzeko eta berriz ere eragiten jarraitzeko asmoarekin sartu dira buru-belarri prestaketa lanetan. Talde edota kolektibo bat sentitzeko beharra, eta eguneroko jardueran sortzen diren zalantzak konpartitzeko ere balio nahiko luke.
IRUDIA, LEHIAKETA BIDEZ
Irudia falta dute, baina abian jarria dute eta lehiaketa jarriko dute martxan logo hori aukeratu ahal izateko. 1999-2002 urte arteko eskualdeko ikasleen artetik aukeratuko dute.