«Ez da juxtua!»

Jexux Murua 2016ko abe. 20a, 12:19

Hirugarren jardunaldian sartu da txapelketa nagusia. Lehen jardunaldian Jokin Altunaren lesioaren albiste txarra izan genuen, eta hirugarren honetan Iñaki Artolaren lesioarena izan dugu; honek, partida erdijokatua zela utzi behar izan zuen bertan behera ezker besagainean zaintiratu gogor bat izanda.

Hari lau asteko atsedena agindu zioten, aste pare bat barru itzul daiteke, eta honi sei-zortzikoa iragarri diote. Kirolaren zati da lesioa, baina gogorra izan behar du zulo batetik atera eta beste batean sartzea Iñakiri gertatu zaion bezala: hiru hilabete igaro lesio bat sendatzen eta, berriro minak alboratu eta jokoa hartzen eta gozatzen hasi denean, hau! Ez da juxtua! Entzun diogu alegiarrari aitortzen «eroa bezala» joan zela utzi beharreko pilota jasotzera; zenbatetan egin ote du gauza bera minik hartu gabe? Gerta zitekeen, gertatu da eta ez dauka bere burua zertan madarikatu. Ondo sendatzea tokatzen da.

Artola eta Altunaren lesioa baino ohikoagoa den eskuetako minagatik, Barriolak duenarengatik oraingoan, etorri zaio Xabier Tolosari goi mailan aritzeko aukera. Poztekoa behar luke, eta pozik izango da bera aukera hau eman diotelako. Baina ez dakit bada nik! Honelako neurketa batek eskatzen duen maila eta suposatzen duen konpromisoa kontuan izanda, deigarria da, Tolosan abenduaren 6an jokatu zuen partida kontuan hartuta, Xabierrek bost partida jokatu izana hamar egunetan: Tolosa, Donostia, Lekeitio, Urretxu eta Oñati; txapelketakoak Donostia eta Oñatikoak. Ez du bada oso zentzuzkoa ematen kirol ikuspegitik begiratuta? Ez dirudi bada gorputzaldi biziarekin iristeko era aproposena denik? Ez du bada ematen pilotari guztiak baldintza berdinetan, ezta berdintsuetan ere, aritzeko artea denik? Ez du bada serioa ematen? Ez, ez du ematen, ez da-eta! Ez da juxtua eta, niri behintzat, ez zait serioa iruditzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!