Enirio-Aralar

Aralarren 2019 arte egin asmo dituzten pistak, eztabaidagai

Ataria 2016ko abenduaren 19a

Enirio-Aralar Mankomunitateko kide direnek bilera dute bihar, Ordizian, 19:30etik aurrera. Besteak beste, 2015-2019 urte bitarterako pista berrien inguruko eztabaida izango dute hizpide.

Biharko bilera dela eta Landarlan ingurumen elkarteak orain gutxi elkarrizketa eta eztabaidarako egindako deia berretsi du. Landarlanek Goroskintxuko eta Saltarriko pista proiektuak bertan behera uzteko, pista berriak onartu aurretik Ekintzen Egitasmoa berrikustea, mankomunitateko informazio guztia webgunean jartzea eta mankomunitateko lan batzordea desegitea eskatzen du. «Ez dugu erantzunik jaso gure eskaerei, ez eta oraindik ere bukatuta dagoen Goroskintxuko pistaren ingurumen jarraipenerako programa ere. Berriro diogu, elkarrizketa eta eztabaidara zabalik gaudela, Aralarren interesak dituzten  guztiekin. Eta edozein erabaki hartu aurretik, herritarroi informazioa zabaldu eta parte hartzeko bideak mankomunitateak ireki behar dituela», esan dute.


Horiek horrela, biharko bilera aitzakia hartuta elkarretaratzea egingo du Aralar Bizirikekin batera 19:00etatik aurrera, Ordiziako udaletxearen aurrean. Era berean, abian duten informazio kanpainaren barruan informazio bilera bat egingo dute ostegunean, 19:00etatik aurrera, Tolosako Bidaiarien Txokoan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!