Jokin Altuna eta Iñaki Artola txapelketatik kanpo daude, momentuz, eta Xabier Tolosa da asteburu honetan jokatuko duen eskualdeko pilotari bakarra. Mendizabal aurrelari antzuolar bixiarekin, Altuna-Barriola bikoa ordezkatuz, Irribarria eta Rezustari egin behar izan zien aurre. Gaur egun dauden bi jotzaile handienak dira bi hauek eta lan ikaragarri pilatu zitzaion anoetarrari; azken hamar egunetan bosgarren partida zuen Tolosak, beste komentariorik mereziko luke honek, eta antzemango zuen: oso atzetik aritu behar izan zuen eta asko kostatu zitzaion pilota Irribarriari kentzea eta ondo aprobetxatu zuen honek tanto ederrak egiteko.
Ez ziren kokildu, ordea, eta saiatu ziren eusten eta ahal zutenean jokoa bere terrenora eramaten. Mendizabal ahal zuen guztian saiatu zen jokoa aurreko koadroetan nahasten, eta behin baino gehiagotan lortu zuen nahi zuena. Kontuak kontu, partida ez zen hautsi 14-13ra arte; hemendik aurrera lortu zuten irabazleek markagailuan tarte zabala irekitzea, eta 21-13 jari ziren irabazten. Partidaren hondarrean beste tanto hilara bat kateatzea lortuz zuten galtzaileek baina ezin izan zuten 17tik pasa. Esan behar da azken tantoak eskuin eskua minduta jokatu zituela anoetarrak.
Tolosa eta Mendizabal ez dira karteleko partida nagusietan maiz azaltzen direnak, oso-oso gutxitan. Baina burua tente ibiltzeko moduko bi partida jokatu dituzte punta-puntako bi bikoteren aurka. Atzokoa, askorentzat, txapelketa irabazteko bikote faboritoa da, eta ia azken momentura arte estu hartu zituzten.
Erik Jakak irabazten jarraitzen du
Tolosan, Donostian eta Urretxun irabaztetik zetorren eta irabazi egin zuen atzo ere. Martija atzelari gaztearekin jokatu zuen eta 22-11 irabazi zieten Dario, lau t´erdiko txapelketan txapela jokatu ziona, eta Irustari. Bolada onean jarraitzen du , beraz, lizartzarrak.