Enirio-Aralar

Aralarko pisten aferan Batzar Nagusiek sindikatuen ebazpenaren alde egin dute

Ataria 2016ko abe. 15a, 15:00

EAJk, PSE-EEk eta PPk alde bozkatu dute, EH Bildu abstenitu egin da eta Ahal Dugu kontra azaldu da.

EHNE eta ENBA sindikatuek «Aralarko artzain eta abeltzainen duintasunaren aldeko ebazpen proposamena» sustatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan, atzo egindako osoko bilkuran onartu zena. EAJk, PSE-EEk eta PPk alde bozkatu zuten, EH Bilduk abstentziora jo zuen eta Ahal Dugu aurka azaldu zen.

Ebazpenean, «Aralar bezalako natur guneak babestu eta kudeatzen dituzten abeltzain denei, egiten duten onura publikoa» aitortzen zaie. Bestalde, Batzar Nagusiek, «artzainen eta abeltzainen lan eta bizi baldintzak hobetu asmoz», Enirio-Aralar Mankomunitateak onartu eta gauzatutako azpiegitura lanei babesa ematen die, eta etorkizunean ere «bide beretik jarraitzea» eskatu dute.

Hori horrela, «Aralarko mendietan bizi eta lan egiten duten abeltzain eta artzainen eskakizunak bereganatuz, Enirio-Aralar Mankomunitateak ospatutako azken zuzendaritza batzordean onartu duen Inbertsio Beharren Plana» babestu dute. Plan hori «etenik gabe» gauzatu ahal izateko, «beharrezkoak diren baliabide tekniko zein ekonomikoak bideratu ditzatela» eskatu diote dagokion departamenduari, eta 2015eko ekitaldiaren amaieran onartu zen partida bereziari jarraipena emanez, aldundiak partida hori urtez urte bideratu dezala.

EAJren aldetik azaldu dutenez, «jokoan dagoena lehen sektorearen iraupena da. Legeak onartutako pauso guztiak bete dira, eta proiektu honek gizartearen babes oso zabala du. Enirio-Aralar Mankomunitateak eta bi sindikatuek eskatutakoa da».

EH Bilduren ustez, «gabezi handiak egon dira instituzioek emandako azkeneko urratsetan. Aralarko artzaintzaren sostengua Aralarko kudeaketaren barruan kokatu behar da eta, horretarako, artzaintza jasangarriaz, artzainen bizi zein lan baldintza duinez hitz egin behar dugu, baina baita ere, bermeak eskaintzen dituen kudeaketa publikoaz».

Ahal Duguk, bere aldetik, Aralarren kudeaketa «jasangarri eta arautua» defendatu dute, «parkearen ingurumenarentzat eta erabiltzaile guztientzat onuragarria eta orekatua» izateko.

Bere aldetik, EHNE eta ENBA sindikatuek kritikatu egin dute beraiek sustatutako ebazpena EH Bilduren eta Ahal Duguren babesik ez jasotzea. «Mendiko abeltzaintzaren onura ekologikoak eta biodibertsitateari egindako ekarpena behin eta berriro aitortu arren, batzuek sekulako arazoak dituzte, bertan diharduten abeltzainentzat bizi eta lan baldintzak duinak babesteko», azaldu dute sindikatuek. «Badirudi, baserria eta baserritarren aldeko mezuak bolo-bolo dabiltzatenek, zalantza ugari dituztela, teorian defendatzen dutena, errealitatean gauzatzerako».

Aralar eta honen antzeko mendietan diharduten abeltzainek «hitz politak alboratu eta ekintzetara pasatzea exijitzen dute», gaineratu dute sindikatuek, eta, honenbestez, «orain Batzar Nagusietako babesa jaso ondoren, sindikatuok dei berezia egiten diegu Goierriko udal ordezkari guztiei, alderdi politikoetako diziplina itsua alboratu eta beren herritarren eta baserritarren interesak defenda ditzaten bai herrian bai Enirio-Aralarko mankomunitatean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!