Emakume pilotariak protagonista asteburuan

Jexux Murua 2016ko abe. 15a, 12:00

Emakume pilotariak, pala modalitatean, izango dira protagonista asteburu honetan, eta ordezkaritza zabala izango du eskualdeak.

Ostiralean, 20:00etan hasita, Gipuzkoako Elkarte-arteko Txapelketako jubenil mailako finalak jokatuko dira Alegiako Elorrin. Larunbatean, berriz, goiz-arratsalde luzatuko den Emakumea Pilotari ekitaldia burutuko da Tolosako Beotibarren: Pilotari Herrikoien Txapelketa Azkarra hasiko da goizeko 10:00etan, eta Gipuzkoako Emakumea Pilotari Txapelketako finalak jokatuko dira 17.00etan.

Gipuzkoako Txapelketako finalak Alegian

Orendaindarrak, bidaniarrak eta altzotarrak izango dira protagonista Alegian jokatuko diren jubenil mailako bi finaletan; eskualdekoak, beraz, zortzitik sei pilotari. Urriko lehen astetan eman zitzaion hasiera txapelketari eta, jubenil maila deitu arren, 14-17 urte bitarteko neskak lehiatu dira bi azpi-mailatan banatuta. Bigarren mailan, Itsaso Aramendi eta Ane Esnaola orendaindarrek (Intxurre), Bergarako Murua-Almorza bikotearen aurka jokatuko dute; ligaxkan ikusi ahal izan denari erreparatuta, final estua ikustea espero da, eta orendaindarrek izango dituzte beren aukerak. Lehen mailan, berriz, eskualdeko bi bikote izango dira aurrez aurre: Miren eta Maite Larrarte ahizpa bidaniarrak (Su Berri) eta Naroa Olano eta Sara Agirre altzotarrak (Intxurre); ligaxkan elkarren artean jokatutako partida nagusitasunez irabazi zuten bidaniarrek, ikusgarria da Miren Larrarte gaztearen jokoa, eta beraiek dira faboritoak, baina altzotarrek badute nahikoa maila gauzak estu jartzeko. Partida onak ikusiko dira nolanahi ere.

Txapelketa herrikoia

Tolosako Beotibar pilotalekua emakume pala jokalariak okupatuko dute ia egun osoan. Goizeko 10:00etan hasiko dira partidak jokatzen eta ez dira izango urruti arratsaldeko 20:00ak ekitaldia amaitzerako eta, tarte honetan, pilotari herrikoiak izango dira kantxan denbora gehienean.

Goiz-goizetik, 10:00etan, emango zaio hasiera emakume Pilotari Herrikoien txapelketa azkarrari, eta Gipuzkoa osotik etorriko diren 46 emakumek, 23 bikote, hartuko dute parte; Gipuzkoako Pilota Federazioak lantzen duen aisialdiko pilota saioetan parte hartzen duten emakumeak dira guztiak. Beraien arteko partida laburrak egingo dira egunean zehar, finalistak erabaki eta finala jokatu arte; arratsaldeko 17:00ak aldera bukatzea espero da.

Emakume Pilotari Txapelketako finalak

Sei jardunaldi jokatu dira urriaren 29an Zizurkilen txapelketa honi hasiera eman zitzaionetik, eta nagusien mailako Gipuzkoako pilotari onenek hartu dute parte bertan bi azpi-mailatan banatuta. Hernanin jokatu ziren finalaurrekoak eta han erabaki ziren finalak.

Arratsaldeko 17:00ak aldera hasiko dira, eta goi-mailako bi partida ikusteko aukera izango dute bertaratzen diren pilotazale guztiek. Eskualdeko pilotarien parte-hartzea nabarmena izan da txapelketan, eta hala izango da finaletan ere, eskualdekoak baitira zortzi finalistetatik bost. Bigarren mailan, Otaegi-Erasun eta Rodas-Arrillaga lehiatuko dira; bi atzelarien arteko norgehiagoka erabakigarria izango da, baina konfiantza ematen du Erasun zizurkildarraren joko eta sendotasunak. Lehen mailan, Otaegi-Mendizabal eta Garmendia-Eizmendi ariko dira nor baino nor; gauzak ondo, partida ikaragarria izango da, lehiatua eta estua; ligaxkan bigarrenak izan ziren garaile tanto batengatik, dena esana dago.

EMAKUMEA PILOTARI TXAPELKETAKO FINALISTAK

Eider Otaegi (Donostia) - Itxaso Erasun (Zizurkil)

Lehen mailan aritzeko moduko pilotaria da Erasun zizurkildarra. Atzean jokatzen du, eskuina da baina ondo moldatzen da ezkerrez ere; eskuin golpe indartsua du, joko ikuspegi ona dauka eta jokaldi aukera dezentea maneiatzen du, frontoian egoten daki, eta badaki bikoteari etekina ateratzen. Otaegik ondo daki zein den bere egitekoa bikotean eta ondo betetzen du. Ondo ulertzen dira eta bikotea osatzen dute.

 Miriam Arrillaga (Zubieta)- Arantzazu Rodas (Berrobi)

Erasunez esandakoa esan daiteke Arrillagaz ere. Oso atzelari ona da, indartsu, pilota luzatzeko ahal handia duena, batez ere eskuinez, joko ikuspegi eta jokaldi ugari menderatzen dituena eta bikotearekin ondo moldatzen dena. Falta zaio, behar bada, Erasunek duen tenplea frontoian, eta hor egon daiteke gakoa. Rodas, bizkorra eta saiatua da, pilota bat galdutzat ematen ez duena, badaki zein den bere egitekoa eta ondo beteko du.

Irati Otaegi (Asteasu) - Maider Mendizabal (Anoeta)

Maider Mendizabal anoetar beteranoa da bikoteko izarra eta berak eramaten du partidaren karga. Teknikoki, taktikoki eta mentalki edozein pilotarik, edozeinek, beretzat nahiko lituzken gaitasunak ditu, eta lehiakorra da oso, irabazlea; palmares izugarria du pala modalitatetan, noizbait behar bezala aitortu beharko zaiona. Otaegi asteasuarra oso da pilotaria, ez dauka askoren moduko kolpea, baina kokapen ona du frontoian eta ondo errematatzen ditu aukerako pilotak; badaki zein den bere lana bikotean eta ondo egingo du.

Ainhoa Garmendia (Alegia) - Garazi Eizmendi (Aia)

Oso bikote konpentsatua. Garmendia aurrelari baliarraindar alegiatartuaren heldutasuna eta sasoiari, aiar atzelariaren gaztetasuna eta pilotaritasuna gehitu behar zaio. Ainhoak kalitate jauzi handia jo du azken bi urtetan eta, horri gehituta bere betiko mugimendu bizitasun eta kolpea, kategoriako aurrelari onenetakoa bihurtu da. Eizmendi da finaleko gazteena; oso pilotaria da, bi eskuekin moldatzen da ondo, partidak irakurtzen daki, eta ez du pilota bat galdutzat ematen. Elkarrekin dezentetan jokatu dute azken aldian eta ondo hartzen dute elkar.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!