«Ia 100 urte egin ditugu hemen, nire birraitonak irekitakoa da ikaztegia»

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2016ko abe. 8a, 11:22

Garai bateko denda horietako bat da Sarasola Ikaztegia, Tolosan egondako hamalau ikaztegietatik geratzen den bakarra. Harri ikatza saltzen bazen sorreran, egun egur ikatzari esker bizirauten dute.

Badira xarma berezia duten dendak, betikoak bilakatzean, inongo obrarik behar ez dutenak. Sartu eta historia usaintzen dugunak, begiratu eta dozenaka istorio kontatzen dituzten paretak. Horietakoa dugu: Sarasola Ikaztegia. Baskula zahar bat, ikatz zakuak, aspaldiko dekorazioa, eta pareta txurietan ikatz hautsen kapa fin beltzak, elkarren gainean. 90 urtetik gora irekita, gutxi, oso gutxi dira hori esan dezaketen dendak. Ez du obrarik egin urte hauetan, ezta beharrik ere. Zein dekoratzailek lortuko du halako giro autentikoa?

Gaur 3 gradu markatzen ditu termometroak, hotz da kale hutsetan, hala ere telefonoa ixilik da ikaztegian. Jada ez du inork deitzen etxea berotzeko ikatza eskatzen, orain parriletako haragiak berotzeko da ikatza. Aldaketen testigu da ikaztegia. Aitona bizikleta eta gurditxoarekin ibiltzen zen ikatza banatzen etxez etxe, Tolosan zeuden beste hamahiru ikaztegien antzera. Gaur berak baino ez du bizirauten. Lehen trenean ikatza etorri eta idi gurdiekin eramaten zuten Beotibar kaleko biltegira, han ikatz mendia egin eta jendeak etxetik eramandako zakuak betez saltzen zuten erregaia.

Bere birraitona etxegileari ikatzez ordaindu zioten hainbatek, azkenean ikaztegia ireki zuen arte. Eta han jarraitzen du bere oinordeko den Javi Sarasolak. Izan du aukera Amarotzeko pabiloietako beste eraikin erosoago batera lekualdatzeko, hala ere, bera pozik dago Beotibar kalean, Euskal Herria plazaren sarreran. Xarmak erakargarritasuna du, mende oso bat bertan egiteko adinakoa.

Belaunaldi asko igaro dira hemendik, zuhaitz genealogiko zabala bertan lanean. Zein aldaketa eman dira? 

Ia mende bat hemen egonda, makina bat aldaketa bizi izan ditugu. Aipagarriena ikatza beraren erabilpena litzateke: lehen izugarri erabiltzen zen sukaldeko ekonomiketan, etxea berotzeko lehengai erabiliena zen. Nolanahi ere, 80. hamarkadan gasa sartu zen Tolosan eta aldaketak etorri ziren. Pentsa! Tolosan 14 ikaztegi zeuden!

Hamalau?

Bai, hala da nire amaren kalkuluen arabera. Etxe gehienetan harri ikatza erabiltzen zen etxea berotzeko, honek denbora luzez iraun eta bero goxoa ematen duelako. Gaur, aldiz, lauzpabost etxe soilik egongo dira ikatza eramateko deitzen didatenak.

Lauzpabost etxeen deietatik bizitzea zaila honenbestez.

Ezinezkoa! Harri ikatzatik egur-ikatzatik bizitzera igaro gara. Orain saltzen dugun ia guztia, egur-ikatza da.

Egur-ikatza parriletarako?

Bai, hori da. Ostalariekin egiten dugu lan asko: erretegiak, sagardotegiak, jatetxeak… eta baita herrietako elkarte gastronomikoekin ere. Udan, berriz, nabaritzen da jendearen parriladak egiteko ohituraren eragina.

Oraindik bada lana orduan!

Ikatz mota honi esker, bai. Bestetik zaku gutxi izaten ditut. Egur ikatzatik bizi garela esan dezakegu gaur egun. Ikatz mota bat jaisten ari zelarik, igo zen bestea, eta hala orekatu ditugu kontuak. Ni hasi nintzenean ez zuten egur ikatza saltzen, harri ikatza soilik. Orain, aldiz, alderantziz: ia ez dut harri ikatzik, ezta saltzeko ere. Begira, hor dauden bost zaku horiek soilik, Alde Zaharretik oraindik deitzen didaten aiton-amonentzat. Alde ona ere topatu diot honi: lehen eskaileretan gora eta behera ibiltzen nintzen zakua bizkarrean, gaur, aldiz, ez dut hala ibili beharrik, erretegiak kaleko solairuetan daudelako.

Etorkizuna hortik bideratuko da orduan, erretegietatik.

Tolosan txuleta eta erretegiak modan daudenez, izango da ikatz beharra.

Txuleta erretzean ikatzak ere eragina izango du.

Noski, dezente. Ikatza zein egurrekin egina dagoen, baita ikatz horren indarra eta iraupenak ere. Indar handia izatea komeni da, haragia ondo egin dezan. Kalitate desberdinak daude hemen ere: nolako ikatza, halako erreketa.

Nondik dator zure ikatza?

Orain arte Salamanca eta Extremaduratik ekartzen nuen, exina egurrarekin eginikoa. Jada ez da askorik geratzen. Azkenaldian, ordea, Argentina eta Kubatik ekartzen dut. Begira! Hor dagoen ikatz guzti hori kubatarra da, bertako landare inbaditzaile batekin eginikoa: Marabu deitzen diote bertan.

Kubatik orduan.

Oso gustura nago ikatz honekin: denboran luze irauten du eta indarra du. Lurrin onekoa.

Lehen txondorrak ere egiten omen ziren hemen.

Nik ez dut ezagutu hori, nolanahi ere egia da hori, hemen ere ikatz asko egiten zen trenentzako eta. Nire izebak ere kontatu izan zidan taxi gidari bat etortzen zela ikatza hartzera bere kotxearentzako. Portutik Madrilera arraina eramaten omen zuen. Baina hauek duela 70 urteko kontuak dira…

Orain furgonetarekin ibiliko zara banaketan. Zure aurrekoak?

Aitona bizikleta eta gurditxoarekin ibiltzen zen hara eta hona, ni berriz furgonetan.

Parrilada egiteko gogoa pizten ari zait. Gomendiorik?

Denbora hartzea da garrantzitsuena, halako lanak patxadarekin egitea. Ez da gomendagarria ikatza pizteko haizagailu eta hauspoak erabiltzea. Piztu, eta utzi ikatzari poliki pizten. Denean bezala hemen ere maitasun pixka bat jarri behar da. Pastilatxo horiek ere erabili daitezke.

Pastila horiek ez dute gero haragiaren zaporea aldatzen?

Lehen agian usaina bazuten, gaurkoak jada nahiko onak dira. Ez dago arazorik.

Egun hauen bueltan, laster izango duzu Olentzeroren bisita. 

Etortzen dira batzuetan bai. [Barreak]. Gurasoek ere ez dakite zer den askotan ikatza. Nik esaten diet: «Ez utzi jaten behintzat, ea hortzaren bat hautsi behar duten!». Bada oraindik ikatza oparitzearen ohitura.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!