Aiztondoko zerbitzuen mankomunitateak irteerak antolatu ditu eguberritarako

Ataria 2016ko abenduaren 7a

Izen emateko epea abenduaren 16an bukatzen da, Aiztondoko bulegoetan, 943 69 39 30 telefonoan edo itsaso@aiztondo.eus helbidean.

3 eta 5 urte bitartekoentzat, egun erdiko plana antolatu dute. Urtarrilaren 3an, Donostiako pin parkera joango dira. 6 euroko salneurria du irteerak.

6 eta 12 urte bitartekoentzat egun osoko plana antolatu dute urtarrilaren 3an. Goizez Donostiako pin parkera irteera antolatu eta arratsaldez Txuri Urdinera joango dira. Janaria eta merienda etxetik eraman behar da. Irteeraren prezioa 18 eurokoa da.

12 eta 17 urte bitartekoentzat, Irisarri abentura parkera bi eguneko irteera antolatu dute. Abenduaren 29an eta 30ean egingo dute. 52 euroko prezioa izango du irteerak eta horren barruan sartzen dira garraioa, egonaldia, lehen eguneko afaria eta bigarren eguneko gosaria. Lehen egunerako hamaiketakoa eta bazkaria eraman beharko dute gaztetxoek.

Irisarrira joateko begirale lanetarako boluntarioak behar ditu Aiztondo zerbitzuen mankomunitateak eta Donostiara joateko ere, gurasoen laguntza behar da. Herri bakoitzeko bina gurasok parte hartu beharko luke. Aiztondoko bulegoetan izango da informazio gehiago.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!