Iñaki Artola, eskuin ukondoan egin behar izan duen ebakuntza batek behartuta, hiru hilabete pasa egon da frontoitatik kanpora. Zestuan itzuli da eta ez nola nahiko partidan gainera, Ezkurdia-Merino II bikote handiaren aurka 2016-2017ko bi-bitako pilota txapelketa nagusiko lehen partida jokatzera baizik.
Partida gogorra izan da, azkenerako, ikaragarri gogorra. Esan izan dugun bezala, txapelketako partida, azken-azken tantoko azken pilotakada arte jokatzen den horietakoa: zazpiehun pilotakada baino gehiago jo dituzte eta hirurogeita hamar minututik gora luzatu da. Partidako tanto gorabeherei begiratuta, mendean izan dute partida ia beti; 19 eta 13 irabazten joan dira eta 20 eta 15 aurretik direla iritxi dira partidaren azken txanpara, baina aurkariek ez zeuden barkatzeko eta kosta egin zaie bukatzea. Azkenean, ordea, 22 eta 20 irabazi eta txapelketako lehen puntua beraientzat. Hainbeste denbora geldi egon eta maila horretako konpromisuko partida izanda, merituzko parida jokatu du Iñakik. Txapelketari dagokionez, puntuak berdin balio dute hasieran eta bukaeran, baino garrantzitsua da irabazten hastea datozenei konfiantza gehiagorekin heltzeko bada ere.
Peña II.a lehen partidako izarra
Iñaki Artolak-eta jokatu duten partidaren aurretik, Peña II-Imaz eta Arteaga-Erasun lehiatu dira. Tolosarrak eta oihartzuarrak 22 eta 11 irabazi dute. Imazek alde pixka bat jarri du atzeko koadroetan, zizurkildarra bere atzean eduki du gehienetan, eta bikain aprobetxatu du tolosarrak: klase guztietako tantoak egin ditu, txoko, zabal, buruz gain ... Denbora gutxi darama profesionaletan, baina ari da nabarmentzen.