Enirio-Aralar

[Gutuna] Aralarko bihotza salba dezakegu oraindik

Aitzol Fernandez Arin 2016ko aza. 29a, 09:00

Aralarko borda guztietara pistak eraikitzeko egitasmoaren lehen urratsa bere helmugara iritsi da, Goroskintxura. Pistak eragin duen txikizioa denon bistara gelditu da. Malda handiko guneetan 3 metroko paretak egin behar izan dituzte eta paisaia karstikoak, berezkoak dituen egitura eta pasadizo bitxiak betirako galdu dira. Lan hauek gertutik ikusi ahal izan dituen inork ezingo du ukatu pista honek eragin duen inpaktua paisaiarengan. Txikizio honen argazki asko sarean daude ikusgai.

Aralar pistaz betetzea erabaki duen prozesua gaizki kudeatu da. Ezkutuan eta eztabaidari inongo aukerarik eman gabe. Eztabaida eta haserrea, erabakiaren ondoren etorri dira. Informazio eta gardentasun falta honek, galdera asko erantzunik gabe uztea ekarri du.

Benetan beharrezkoa da Aralarko borda guztietara pistak egitea? Eskatzaileen artean, zenbat pertsona bizi dira benetan profesionalki abeltzaintzaz? Nola eta zeinek zainduko ditu pisten sarrerak? Zein izango da hurrengo pausoa, pistak asfaltatzea? Bordetara argindarra eramatea? Non dago muga eta zeinek jarriko ditu limiteak?

Pisten eraikuntza beharrezkoa omen da abeltzaintza mantendu ahal izateko. Abeltzaintza Aralarren galtzeko arriskuan omen dago. Gaur egun ordea horrelakorik ez da antzematen. Alderantziz, eremu batzuetan abere karga handiegia dagoela ikusi daiteke. Ardiak betetzen zituzten larreak, orain behorrak eta behiak bete dituzte eta ganaduzale ez profesionalak, bere 4x4-ekin igotzen dira abereak nola dauden ikustera. Horiei pistak ondo etorriko zaizkie noski, artzain profesionalen interesentzat ordea, ikusi beharko.

Mendizale eta naturazaleak izan gara artzainen lana gehien baloratu dugunak. Betidanik miretsi izan dugu artzainek ingurunera egokitzeko egin izan duten esfortzua, lurrarekiko izan duten lotura eta beraien ekarpena Aralarko paisaia, milaka urteetan zehar mantentzeko. Baino orain, bere jarduera bermatzeko beharrezkoa baldin bada paisaia hori deuseztatzea eta parke naturaleko bazter guztiak pistaz eta kotxez betetzea, pertzepzio hori aldatu egingo da. Zein izango da orain mendiko artzain gaztaren balio erantsia? Zein izango da aurrerantzean gazta jasangarriagoa, Aralarko borda batean egindakoa edo baserri edo nabe batean landutakoa?

Aralar ez da santutegi bat, baina bai parke natural babestua. Aralarren dago, gaur egun Gipuzkoan geratzen zaigun pistarik gabeko eremu zabal bakarra. Hemen jokoan dagoena hau da: nolako Aralar utziko diegun gure ondorengoei.

Horregatik, Aralarren etorkizuna ezin da erabiltzaileen esku utzi. Berdin dio, erabiltzaile horiek mendizale, naturazale, artzain profesional edo ganaduzale afizionatu izan. Aralarren etorkizuna, Parke Naturala zaintzeko eskumena duen administrazioak erabaki behar du, Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erabiltzaile guztien iritzia kontuan hartu behar da, baina parke natural baten kudeaketan kontserbazioak du lehentasuna. Goroskintxuko pistaren aldeko botoa eman duten alderdi politikoen ardura ahaztu gabe, foru aldundiarena da erantzukizun nagusia eta kasu honetan, Parke Naturala babesteko bere bete beharra alde betera utzi du.

Pistek ez dute ekosistema babestuko, paisaia desitxuratuko dute eta ikusi beharko da trafikoaren handitzeak izango duen eragina. Eremu batzuetan abereen presioa desagertuko balitz, lehenik sastrakak eta zuhaixkak sortuko lirateke eta urteen poderioz, tokiari dagokion basoa, pagadia. Paisaia aniztasuna beti izango da ona parkeko biodibertsitatearentzat.

Pisten kontra egotea, abeltzaintzaren aurka egotea omen da. Konfrontazioa sustatu nahi duen sinplifikazio iraingarria. Ez gara joko horretan eroriko. Bere ingurura egokitzen den abeltzaintzaren alde gaude. Edozein jarduerari bezala, abeltzaintzari ere ingurumena errespetatzea eskatu beharko zaio. Are gehiago, Aralarko zati hau mendi publikoa eta babestutako Parke Naturala denean.

Goroskintxura iristeko eragin diren kalteek ez dute atzera bueltarik. Esperientzia honek gauzak beste modu batera egiteko balio beharko luke. Oraindik, makinak ez dira Aralarko bihotzera iritsi. Alotzako zelaiak eta Ganbo ingurua salbatzeko garaiz gaude oraindik. Ea denon artean lortzen dugun.

Aitzol Fernandez Arin

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!