Tolosan indarkeria matxistaren aurka antolatu diren emanaldien barruan, gaur, Amaia Elizaranen dantza emanaldia izan da Aranburu jauregian. Ondoren, Asfixia, breve cuestionario de un amor virulento txotxongilo emanaldia eskaini du Julia Sigliano argentinarrak.
Maitasunetik obsesiora eta obsesiotik indarkeriarako bilakaera bizi duen bikotea erakusten du Titirijai txotxongilo jaialdiaren barruan erakutsi duten obrak. Berriz ere ikusgai izango da ostegunean, 22:00etan Topic zentroan.
Behin Aranburu jauregiko emanaldia bukatuta, Tolosako udaletxe aurrean elkarretaratzea egin dute. Indarkeri matxistarik gabeko herri baten alde pankartari eutsi diote Tolosako alderdi politikoetako ordezkariek. Hainbat herritar gerturatu dira kontzentrazio isilera.
Maite Ruiz de Egilaz udaleko berdintasun zinegotziak azpimarratu duenez, "zoritxarrez, lana beti egin behar da, bidea oso luzea izango da eta urtean zehar ekimenak egin behar dira indarkeria matxistari aurre egiteko. Protokolo eta hezkidetza mahaiak martxan dauzkagu. Ikastetxeekin batera, umeak txikitatik kontzientzia da helburua hezkidetza mahaian".
Iruran ere mobilizazioa
Elkarretaratzearen amaieran parte hartzaileek adierazi dutenez indarkeria sorrarazten duten eragile guztien aurka daude. "Bizitza aske, seguru eta burujabeak eraikitzearen alde gaude" esan dute. Aldi berean nabarmendu dute, urte luzeetako borrokari esker lortutako berdintasun formala ez dela nahikoa une honetan, desorekak indarrean jarraitzen duela. Horregatik, parte hartzaileek esan dutenez erantzukizuna "edozein eraso sexista sortu edo saihesten laguntzeko gai diren gizonena da".
Beste maskulinitate bat eraiki eta jendarte patriarkal hau eraldatu beharraz hitz egin dute eta horretarako, "emakume eta gizonei buruzko baliospenetan oinarritutako hierarkizazioak ezabatu behar dira. Adostasun berriak eraikiz, enpatiatik, aukeratzeko askatasunetik, segurtasunetik, arduratik, berdintasunetik eta elkarrekikotasunetik".
Alegian eta Anoetan ere 'Ez' esan dute
Alegiako eta Anoetako udaletxeeen aurrean elkarretaratzea egin dute herritarrek "Emakumeenganako indarkeriari ez" esateko.
Josune Eizmendi Anoetako Udaleko zinegotziak azpimarratu du "emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurka gaudela, baita indarkeria sorrarazten dute eragile guztien aurka ere".
Zentzu horretan, urte hauetan mugimendu feministak egindako lana txalotu du: "Horri esker, etxeko gai pribatu bat izatetik jendartearen eta politikaren arlora zabaldu dugu". Indarkeria hori, ordea, "ez da inondik inora murrizten ari", eta egoera aldatzeko lanean jarraituko dutela azpimarratu du Eizmendik.
Elkarretaratzea amaitzeko, bertsoa abestu dute Anoetako Emakume Taldeko kideek.
Azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako nazioarteko egunean beste hainbat ekimen izan dira Tolosaldean.
17:30. Gazteei zuzenduta Gurea antzokian, Tres metros sobre el cielo filma.
19:00. Udalak deitutako elkarretaratzea Emakumeen aurkako indarkeriari ez lelopean.
ALEGIA
19:00. Elkarretaratzea egingo dute plaza.
ALTZO
19:00. Elkarretaratzea egingo dute plazan Indarkeri matxistaren aurkako eguna dela eta. Baina hileko azken ostirala dela eta, biak bateratuta. Euskal preso eta iheslariak etxera! Gora borroka feminista lelopean. Era berean, Nekane Txapartegiri babesa azaltzeko argazkia egingo dute.
ANOETA
20:00. Elkarretaratzea udaletxeko arkupeetan, Emakumeen aurkako indarkeriari ez lelopean.
22:00. Prest gaude antzerkia Mikelasagasti auditorioan.
ASTEASU
19:00. Elkarretaratzea plazan.
Ondoren. Usarrabi koroaren laguntzarekin Mikel Markezen abesti bat kantatuko da eta gaztaina erreak banatuko dira.
IBARRA
Azaroko egitarauaren barruan, ekimen feminista emakume taldearen eskutik, gaztetxean.
IKAZTEGIETA
19:00-21:00. Generero indarkeriaren gainean hausnartzeko aukera izango da. Hirustak hitzaldia eskainiko du udaletxean.
Ondoren. Elkarretaratzea.
ORENDAIN
20:00. Iciar Bollainen Amores que matan film laburra eta tertulia izango dira Orendaingo Sorginak taldeak antolatuta, liburutegian.