Azaroak 25

Hitzen itzalik ilunena

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko aza. 25a, 07:54

Fabrikatzat jo izan dira, zenbaitetan, komunikabideak: ideologia fabrikatzat. Egia baita, informazioa eskaintzearekin batera, irrati, egunkari nahiz telebistek hartzaileen iritzian eragin zuzena izan dezaketela. «Herritarrek gizarteko gertakarien inguruan duten benetako edo estimulatutako iritzia» da iritzi publikoa eta, definizioari jarraituz, hedabide zenbait egon litezke boterearen eskailerarik altuenetatik gertu.

Botere hitzak izan ditzakeen adiera negatibo guztien ondoan, ordea, ahalmen horri zuku positiboa ere atera dakioke eta, besteak beste, komunikabideek har dezakete pilula forma, gizarteko zenbait gaitz sendatzen laguntzeko. Hain justu helduleku horretatik, azken urteotan nabarmen egin du gora genero gaiak jorratzeko asmo eta gogoak, eta gero eta gehiago dira emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak plazaratu, salatu eta berdintzeko ahaleginean ari diren kazetak.

Egia da bai, mainstream-ak –komunikabide handien masak– jaramon gutxi egiten diela munduaren erdia diskriminatzeak sortzen dituen ondorioei, ez badira ondoriorik muturrekoenak. Baina, ustez generoaren betaurrekoak jantzita dituzten komunikabideek ere ba ote dute hutsunerik, berdintasunaren balantza orekatze horretan?

Argazki ofizialen ajeak

Gaur eta orain gertatzen ari denari betaurreko moreak jantzita begiratzeko ahalegina egin arren, aktualitateak egunero erakusten du errealitatearen gordina: emakumeen eta gizonen arteko arrakala soziala egitura-egiturazkoa da, eta gogoaren kontra ere loratu ohi da sarri.

Munduaren, giza-taldeen, kulturen eta historiaren erdigunean gizonezkoak ezartzea da androzentrismoa eta, zenbaitetan, -ismo batetik bestera –feminismora– jauzia ematea oztopatzen die, horrek, komunikabideei. Hori dute argazki ofizialen ajeek: kargu, lanpostu eta ordezkaritza pisuzkoenetan gizonezkoak nagusi direla, oraindik ere, 2016a amaitzera doanean. Eta, kontrara, emakumeen ikusezintasunak hesi bat eraikitzen du, begirada berdinzaleenaren aurrean ere, zenbait albiste irudikatzeko.

Teoria liburuetako baieztapenak izan litezke aurrekoak, baina, zenbakiek baieztapena berretsi baino ez dute egiten. Norbere zilborrera edo norbere teilatura begira jarriz, TOLOSALDEKO ATARIAk 90 egunkari argitaratu ditu 2016ko urtarriletik uztailera bitarte, eta horietako 40tan gizonezkoak izan dira azaleko albiste eta irudi nagusi; emakumeek hartutako azalak, berriz, 20 dira. Bien artean, badira genero bat edo bestea gailentzen ez den lehen orriak, hain justu 28; beste bi azalek ez dute pertsonarik erdigunean.

Zortzi orriko egunkaria alde batera utzi, eta TOLOSALDEKO ATARIAren ostiraleroko astekarira begirada zuzenduz gero, errealitate ia berbera errepikatzen da: urtarriletik azarora bitarte, 38 astekaritik 12tan gizonezko bat izan da protagonista eta, aldiz, 7tan hartu du, lehen orria, emakume batek. Parekidetzat jo daitezkeen azalak 4 izan dira aipatutako epean, baina, dena den, gehienak azal kontzeptualak edo paisaiekin beteak izan dira: guztira, 15.

Inork pentsa lezake, prentsan azal bat edo bestea aukeratu eta argitaratzeak ez duela zerikusirik jipoi fisikoekin, kaleko erasoekin edo irain misoginoekin. Auzi hori, ordea, parekatu liteke lur azpian ereindako haziaren eta hark ematen duen landarearekin: abiapuntu berak hainbat kolore eta forma ematen ditu, egitura bakarrean.

Gizakiaren jendartean?

Beste zenbait hizkuntzak ez bezala, euskarak ez du genero markarik, eta hitanoak bakarrik bereizten du gizon-emakumeen arteko desberdintasuna. Horrek, alabaina, ez du euskara hizkuntza berdinzalea egiten: genero markarik izan gabe ere, euskara erabat sexista izan daiteke.

Hala defendatu eta ulertarazten saiatzen da Irene Arrarats Berria egunkariko euskara taldeko burua, zenbait hitzalditan: «Hizkuntza baino, erabilera da sexista, eta euskarak maskulino generikorik ez duen arren, lexikoan eta esamoldeetan mundu ikuskera bat dago». Horren adibide dira, gainera, euskaldunek eguneroko hizketan erabiltzen dituzten esamolde eta hitzak: «Norbait gizon portatu dela esatea; emagaldu hitza erabiltzea, sexu-langile edo prostituta erabili beharrean, edo emakume batzuen garaipenaren inguruan jaun eta jabe izan direla aipatzea».

Formula horietara iristeko, euskararen barruan egon litezkeen elementu diskriminatzaileak ere zerrendatzen ditu Arraratsek. Batetik, hitz solteak leudeke: gizon, errege edo -sa atzizkia, atso eta agureren arteko aldea edo maisulan lirateke zenbait.

Hizketaren edo idazketaren joera horrelakoetara iristen da oraindik ere, baina aipaturiko betaurreko moreen lupak deuseztatu ditu halako asko, diskurtso aldaketen bidetik. Arraratsen arabera, komunikabideetako kirolen saila da «antonomasiakoena»: «Garai batean emakumeen kirola ez zen kiroletan agertzen, eta gero nesken futbola edo emakumeen futbola izendatzen zen. Orain, gehienetan, kirol sailaren barruan jorratzen dira albiste horiek».

Kiroletatik kanpo ere bada zer zuzendua, ordea, eta genealogiak eta abizenek gizonezkoei eman izan dieten prestigio sozialaren fruitu, testuetan emakumeak izendatzerakoan abizenik gabe aipatzen dira sarri, gizonezkoak ez bezala. Areago, familia bereko hainbat pertsona artikulu berean izendatu behar direnean, hierarkia tradizionalari men egiten zaio oraindik, eta gizonezkoak zerrendatuz hasi ohi dira prentsako testu gehien-gehienak.

Azkenik, «emakumetasun absolutua» markatzeko beharraz ere ohartarazten du Arraratsek: «Emakumetasuna markatzeko beharra sentitzen dugu sarri, eta badirudi emakumeak garela absolutuki. Adibidez, Xixuka Doraemoneko neska da –ez emakumea–, eta hori da bere papera», dio.

Argi dago, beraz, hizkuntza baino, hizkera dela sexista eta, urtetan eta urtetan, hizkeraren balantza alde bakarrera lerratu den bezala, bide luzea egin beharko duela komunikabideen unibertso zabalak, hitzak, esapideak eta formulak balantza orekatzera irits daitezen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!