«Aldaketa pertsona bakoitzak ematea ezinbestekoa da»

Ataria 2016ko aza. 24a, 13:30

Datozen lau urteetan gauzatzeko plana diseinatu du Ibarrako Udalak, herritarrekin egindako lanketatik abiatuta. Irati Ozaita Ibarrako Udaleko zinegotzia da, Berdintasun eta Aniztasun batzordeburua.

Irati Ozaita Azpiroz Gizarte Antropologia ikasi ondoren, Ikasketa feministak eta generokoak unibertsitate masterra egiten ari da. Ibarrako emakumeen eta gizonen berdintasunerako 1.go planean aritu da lanean.

Zer da Ibarrako emakumeen eta gizonen berdintasunerako I. plana?

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako I.go plana herritarrekin eta udalean egin den lanketa baten emaitza da, diagnostiko bat oinarri hartuta. Egindako lan honek biltzen ditu datozen lau urteetarako helburuak, herrian egin beharreko ekintzak eta lanketak. Hori horrela, datozen urteetan landuko ditugun gaiak herrira bideratuko ditugu, herritarren bizi-baldintzak hobetu, generoen arteko desberdintasunak gutxitu eta parekidetasunezko herri baterantz pausoak emateko.

Gaur egun, oraindik ere emakume eta gizonen arteko berdintasunetik urrun gaudela esango zenuke Ibarran? Zergatik?

Aldaketa anitz eman badira ere, oraindik ezin esan dezakegu parekidetasunean bizi garenik. Horregatik, herriko eremuetan esku hartzea garrantzitsua dela deritzogu. Eremu horietan esku hartuz, egoera aldatzeko gure alea jarri nahi dugu. Lanketa horiek ingurua aldatzen laguntzen dute, baina aldaketa maila pertsonalean ematea ezinbestekoa da.

Zein behar ikusi duzue herrian plan hori egiten hasteko?

Emakume eta gizonen arteko parekidetasunari buruzko herri mailako diagnostikoa egina zegoen. Hori egin ondoren, Plana garatzea pentsatu genuen parekidetasuna lortzeko bidean pausoak emateko asmoz. Planarekin, dauden beharrak eta ekintza zehatzak bideratzen dira. Planean jasota dauden ekintzen bidez, herritarren arteko bizi baldintzak hobetzea dugu helburu, guztiok maila berean parte hartu eta parte izateko aukera izan dezagun.

Nork hartu du parte berdintasun plana burutzen?

Elhuyar aholkularitzarekin elkarlanean aritu gara. Alde batetik herritarrekin egin dugu lan; elkarteetako ordezkariekin nahiz gazteekin. Bestetik, Udaleko langile eta politikariekin burutu dugu plana. Oso garrantzitsuak dira herritarren bizipen eta testuinguru ezberdinetako ekarpenak herri mailako planak garatzerakoan. Azken finean, plana herritar guztientzat izango da eta gai honen inguruan herritar guztiek dituzten iritziak jaso ditugu.

Zein da plan honen helburu nagusia?

Helburu nagusia herrian eta herritarrek sumatzen dituzten hutsune edo aldatu beharreko esparruak identifikatu, lanketa egin eta eman daitezkeen pausoak ematea izango litzateke. Helburua argia da: herritar guztiek egin nahi duten hori egiteko genero ikuspegiko baldintzarik ez izatea.

Azaldu iezazkiguzu mesedez, plan honek dituen lan ildo nagusiak.

Lau ardatzetan egituratzen da: berdintasunerako gobernantza, balio-aldaketa eta emakumeen partaidetza soziopolitikoa, herri hezitzailea eta zaintzailea eta indarkeria sexistarik gabeko herria. Ardatz bakoitzak hainbat helburu jasotzen ditu, eta baita helburu horiek lortzeko martxan jarri beharreko ekintzak ere. Lau urteko indarraldia izango du planak (2017-2020) eta urte hauetan garatzeko ekintza-sortak jasotzen ditu.

Honekin batera, ardatzak, helburuak, ekintzak, horiek gauzatzeko behar den aurrekontua, ardurak, martxan jarriko diren lankidetzak eta jarraipen eta ebaluazio adierazleak jasotzen ditu planak.

Aurrera begira, zein bide-orri duzue mahai gainean?

Hemendik aurrerako pausoak ere bide beretik eman nahi ditugu. Bilerak oso emankorrak izan dira eta parte hartzaileen jarrera oso positiboa izan da. Aurrera begira, elkarlanean jarraitzea espero dugu. Bide honetan, herritar guztiengana iristea izango litzateke ederrena, bakoitzak bere eremuan eragin dezan.

Amaitzeko, berdintasun plan hau, bihar ospatzen den indarkeria matxistaren aurkako egunarekin erlazioan jartzeko ariketa egingo zeniguke?

Hainbat indarkeria badaude ere, emakumeen kontrako muturreko indarkeriak asaldatzen gaitu gehien sozialki. Zoritxarrez, horrelako egunen beharra dugu oraindik egoera hau salatu eta ikustarazteko. Beste hainbat egoera egunerokotasunean gertatzen dira eta ez diegu behar bezainbesteko garrantziarik ematen. Emakumeok zailtasunak izaten ditugu herriko hainbat esparrutan lasaitasunez eta libreki gozatzeko.

Honelako planek ez dute indarkeria hori errotik ezabatuko, baina horien aurkako bidean pauso handia da. Garrantzitsua da herritarrak kontzientziatu eta beren barne hausnarketa egiteko trenak eskaintzea, inguruan gertatzen dena beste betaurreko batzuekin ikusteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!