Azaroak 25

«Indarkeriari aurre egiteko garrantzitsuena sarea sortzea da»

Imanol Garcia Landa 2016ko aza. 24a, 11:18

Emakume migratzaileak, bere egoeragatik, zaurgarritasun egoera handiagoan egon daitekeela dio Norma Vazquezek. Era berean, argi utzi nahi du mundu guztian dagoela emakumeen aurkako indarkeria.

Sortzen aholkularitza enpresako zuzendaria da Norma Vazquez. Indarkeria matxistaren inguruan lan egiten duen aholkularitza da Sortzen, eta besteak beste, Tolosako Udalari lagundu diote prestakuntza jardueretan, eta indarkeria jasan duten emakumeei arreta hobetzeko erakundeen koordinazio protokoloa osatzeko laguntza teknikoa emanez.

Norma Vazquezek emakume migratzaileekin ere lan egiten du, tartean indarkeria jasan dutenekin, eta besteak beste, zailtasun egoeretan bidelagun izanez. Zurrumurruen aurkako kanpainan parte hartu du prestatzaile moduan, emakumeek migrazio prozesua nola bizi duten elkarbanatuz.

Emakume migratzaileak arrisku gehiago du indarkeria matxista jasateko?

Bai eta ez. Bai, zaurgarritasun egoera handiagoan egon daitekeelako, bere egoera administratiboaren arabera, erakundeekiko izan dezakeen ezjakintasunarengatik eta ez duelako ezagutzen hauek egin dezaketena; migrazioarengatik bizi duen egoera orokorrak eman diezaiokeen beldurrarengatik, bakarrik egoteak ematen duen zaurgarritasunagatik edota jatorriko herrialdean bere familiari zerbait gerta ahal zaion mehatxua duelako... Nik uste dut zaurgarritasun faktoreak badaudela, batez ere iristerakoan.

Eta zergatik ez?

Hasierako zailtasun une horiek nolabait gainditzen badoa eta babes sare bat topatzen badoa, indarkeria seguruena bertako emakumeek bizi duten moduan biziko du, hau da, zailtasun eta gabezia guztiekin, eta bere azalean jasoko du babes baliabideen eskasia. Egoera hori bizi dezaketen bertako emakumeekin alderatuta, egia da, emakume migratzaileok gainean jasoko dugula begirada bat, non errua egozten zaigun patroi kultural edo bizi eredu «atzerakoiagoak» izatearena. Horren karga ere jasoko dugu.

Aipatu duzun karga hori jasotzeari berbiktimizazioa deitu ohi zaio, ezta? Gehiago zehaztu dezakezu?

Biktima bat berbiktimizatzen duzu, bere eskubideak bortxatuak izan ondoren, erakunde publiko edo pribatu batera babes eske joan, eta ez dizutenean zure historiaren arabera artatzen, baizik eta artatzen dizuten pertsonek dituzten aurreiritzien arabera tratatzen zaituztenean. Indarkeria matxista jasaten duen emakume migratzaile baten erasotzailea bere herrialdekoa dela pentsatu ohi da, baina izan daiteke bikote misto bat, eta erasotzailea euskaldun peto-petoa izatea. Hori guztia berbiktimizazioa da, buruan ditugun aurreiritzi eta estereotipoen bidez funtzionatzen delako. 

Badago indarkeria matxista motaren bat emakume migratzaileei gehiago eragiten diena?

Badago indarkeria mota bat gehiago eragiten diena emakume migratzaile mulato eta beltzei. Gizarte hau sexista eta matxista izateaz gain, arrazista da. Emakume mulatoak eta beltzak objektu sexualak kontsideratzen dira, eta beraiekin gehienetan eratzen den harremana prostitutak direla da. Adibidez, emakume mulato eta beltz askok esaten digute kalean dabiltzanean tarifarengatik galdetzen dietela; hori galdetzean ez du esan nahi harreman sexualak izan nahi direla ezinbestean, emakume horiek umiliatzeko modu bat da ere. Bestalde, etxeetan egoiliar lanean dauden emakume migratzaileak, egun lan horretan aritzen diren %100ak dira, eraso eta jazarpen sexual espezifikoak jasotzen dituztenak zaintzen dituztenen eta kontratatzen dituztenen aldetik. Adibidez, iragarki bat jartzen dutenean etxeetan lan egiteko, eduki sexualeko dei ugari jasotzen dituzte, edota «lan eskaintzak» jasotzen dituzte prestazio sexualak barne dituzten zereginekin. Emakume askok kontatzen dizkigute horrelakoak, eta beste askotan ez dituzte kontatzen lotsarengatik eta oso umiliagarriak direlako. Horrelakoak argitara ematean ingurutik jasotzen duten erantzuna ez sinestearena izaten da, «hori ez da posible, hemen denak oso ondraduak dira» esanez. 

Zer zailtasun ditu eta zer estrategia erabili ditzakete emakume migratzaileek indarkeria matxistari aurre egiteko?

Zailtasunak, guztiak. Eta estrategiei dagokionez, gure ustez garrantzitsuena da sareak sortzea. Bakarrik ez dagoen heinean, emakume bat lasaiago ibili daiteke kultura eta gizarte honetako klabeetan. Bere eskubideak ezagutu eta aldarrikatu ditzakete, askok pentsatzen baitute egoera irregular batean etortzerakoan ez dituztela eskubiderik. Nik uste dut gako garrantzitsuena sarea egitearena dela. Eta hori oso zaila da, adibidez, etxeetan egoiliar lanean dabiltzan emakumeentzat. Zaurgarritasun handiena dutenak dira; igandean bi ordu dituzte ateratzeko, baina ez dute nora joanik. Ixten doaz, eta lekukotza asko jaso ditut hemen hiru urte daramatzaten emakumeenak. Ez zutenak inor ezagutzen, zaintzen duten pertsonaren familiaz aparte. Batetik, beraz, aldarrikatu behar da aisialdirako denbora bere laneko lekutik kanpo, eta hortik aurrera sarea egiten hasi eta beste emakume batzuk ezagutzen joatea, defendatzeko erreminta gehiago izateko bidea baita.

Zailtasun batzuk zehaztu ditzakezu?

Isolamendua, hizkuntza zenbait kasutan, zorrak... Arazo handiak izaten dira zorrak, batzuetan hona etortzeko txartel bat askoz garestiago eman baitiote eta gero lanean aritu behar dira zorra ordaintzeko, eta horrek ez die uzten gutxieneko sare bat lortzen edo sozializazioa egiten. Beldurra ere bai, poliziak paperik gabe harrapatzeko. Dauden beldur horiek dira zailtasunetako batzuk sarea sortzen joateko, bizi duten indarkeria antzemateko, horri ahotsa eman eta laguntza eskatzeko.

Zer egin dezake horren aurrean gizarteak?

Zurrumurruen aurkako proiektuak egiten duen lehenengo gauza emakume migratzaileen inguruan dauden zurrumurru eta aurreiritzi guztien aurka egitea da. Esaterako, emakume mulatoak eta beltzak prostituzioarekin ez lotzea. Gizarte honek migrazioa ikusten du eskubideak eta zerbitzuak kentzen dituen zerbait balitz bezala, eta ukatu egiten ditu ekartzen dituen onurak. Esaterako, zaintzarekin zerikusia duen lan esparrua betetzen da, eta emakume migratzaileek egiten duten lan horrek ongizate-estatu makal batek funtzionatzen jarraitu dezan balio du. Bertako jendea hasi liteke lan kontratu onak egitetik.

Emakumeen eskubideen aldetik hemen aurreratuagoak gaude?

Badaude aurrerapen legalak, gutxituta dagoen ongizate-estatu honetan badaude eskubideak, baina garbi dago aurrerapen hauek ez direla iristen modu berdinean emakume guztiengana. Emakume migratzaileei ez zaizkie iristen aukera berdinak, eskubide berdinak, ezta gizarte honek eman ditzakeen onura guztiak ere.

Eta emakume migratzaileek zer esaten dute aurrerapen horien inguruan?

Gauza bat garbi izan behar dugu: emakumeen aurkako indarkeria mundu guztian dago. Modu ezberdinetan eta intentsitate ezberdinetan, baina indarkeria mundu guztian dago. Eta beste gauza bat mundu guztian dagoena da emakumeen erresistentzia indarkeriarekiko. Beste kontu bat da ez dela hemen ezagutzen beste herrialdeetan emakumeek egiten duten erresistentzia guztia. Emakume migratzaileak ez da hona etorritakoan hasten garela indarkeriaren aurkako borroka eta eskubideak ezagutzen; mundu guztian, herrialde guztietan daude emakumeen elkarteak indarkeriari erresistentzia egiteko. Emakumeek ikusten dutenean nola aurreratu daitekeen, ikasi eta gustatzen zaie hemen egon daitekeen askatasun eta segurtasun handiagoa, eta bere bizitzan integratzen doaz, migratzerakoan jaso daitezkeen beste gauza onak bezala.

Nola ikusten dute egoera gizonezko migratzaileek?

Modu dualean. Gizonezkoen erresistentzia emakumeen aurrerapenei ere mundu mailakoa da. Badira hobeto onartzen dutenak eta saiatzen dira bidelagun izaten edota bere maskulinitatearen pribilegio batzuk zalantzan jartzen. Beste batzuei emakumeen berdintasuna oso gaizki iruditzen zaie, aurka egiten dute eta bere indarkeria areagotzen dute. Eta horrek balio du bai gizonezko migratzaileentzat baita bertako gizonezkoentzat ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!