Zer da autodefentsa feminista?
Bizitzan egoteko jarrera bat da. Emakumeok indarkeria jasaten dugu emakume izateagatik, emakume moduan jaiotzeagatik edota jendarteak emakumetzat hartu gaituelako. Horri aurre egiteko tresna eraginkorra da autodefentsa feminista, beharrezkoa den ahalduntze prozesua. Prozesu indibidual eta kolektibo hori martxan jartzea du helburu, prozesu horretako ale bat.
Zer lantzen da tailerretan?
Egunerokotasunean erabil ditzakegun tresnak eta gakoak ematen ditugu autodefentsa feminista tailerretan. Alde batetik, kontzientziazioa lantzen dugu. Zer suposatzen dit sistema honetan emakume izateak? Zein sozializazio prozesu jasan dut emakume izateagatik? Zein indarkeria jasan behar ditut?
Bestetik, emozioen lanketa egiten dugu. Zer gertatzen zait beldurrarekin? Amorruarekin? Gorputz jarreraren hausnarketa egiten dugu mugak jartzeko ezetz esateko edota erantzun bat emateko. Nola erabiltzen dut begirada, ahotsa? Horrek guztiak zeresan handia du, eta garrantzitsua da eraso ezberdinetan izaten ditugun erantzun estrategiak konpartitzea. Era berean, garrantzitsua da erasoak identifikatzea, egunerokotasunean izaten ditugun eraso horiei beren izena jartzea, eraso horiei erantzun bat eman ahal izateko.
Azkenik, teknika fisikoak lantzen ditugun intentsitatea handiagoko erasoei aurre egiteko, eta estrategia horiek konpartitzen ditugu. Emakumeen arteko elkartasuna lantzea oso garrantzitsua da. Erasoei bakarrik aurre egitea oso gogorra da eta ezinbestekoa da gure arteko aliantzak eta sareak jostea. Emakumeen arteko lehiakortasuna bultzatzen den arren, horri buelta eman eta elkarrekin gaudela sentitzea garrantzitsua da, ez bakarrik gure ingurukoekin, baita gau batean, taberna batean egon daitezkeen emakumeekin ere.
Mugimendu feminista deslegitimatzeko joera al dago?
Gaur egun, eraso sexisten gaia pil-pilean dago eta mundu osoa agertzen da erasoen kontra. Eraso horiek oso gaizki ikusita daude, emakumea biktima paper pasibo horretan geratzen bada, betiere. Emakumeok erantzuten badugu, ordea, gutaz espero diren jarrera horietatik ateratzen bagara, eta modu agresibo batean erantzuten badugu, zigortu egiten gaituzte. Izan ere, feminitate arauetatik ateratzen gara, eta gu gara biolentak, histerikak edota feminaziak. Zentzu horretan, eraso horiek desligitimatzeko joera dago: matxismoaren erresistentzia emakumeok paper biktima horretan mantentzeko.
Erailketak, bortxaketa... dira eraso nabarmenenak. Baina identifikatzen al dira leunagoak direnak: begiradak, piropoak...?
Asko kostatzen da jarrera leunagoak erasotzat hartzea. Emakumeoi ere gehien kostatzen zaiguna hori da. Emakumeok geure buruei eman behar diegu legitimitatea jasan dugun hori erasoa izan dela esateko, baita eraso hori erantzuteko legitimitate osoa dugula, eta eraso hori erantzuteko leigitimitatea dugula ikusteko. Garrantzia kentzen diegu sentimendu horiei. Geure burua zalantzan jartzen dugu, eta beste pertsonen beharrak lehenesten ditugu gatazka ez sortzeagatik. Jasandako erasoak isilarazten ditugu, gure sentimenduei zilegitasun osoa kenduz.
Aldatu egin behar dugu: geure buruei eman behar diegu lehentasuna eta hori da geure burua maitatzeko modua. Neure burua errespetatu ezean, besteek ere ez naute errespetatuko. Gure duintasuna eta ongizatea defendatu behar ditugu. Batzuetan, horrek suposatuko du gatazkak sortzea. Orduan, guk erabakiko dugu zenbateraino merezi duen pedagogia egitea, norekin ez dugun denborarik galduko, edo noiz erantzungo dugun. Kosta egiten da, eta oraindik egoera batzuk naturaltzat hartzen dira: begiradak, edota asanblada batean gure hitza ez entzutea. Garrantzia eman behar zaie, eta mahai gainean jarri.
Zer egin dezakete erakundeek zein norbanakoek indarkeria sexista ikustarazteko?
Toki guztietatik lagundu daiteke prozesu honetan. Gaur egungo egoera ikusita emakumeengandik, gure gorputzetatik, mugimendu feministatik garatu behar ditugu tresnak. Autodefentsa feminista tailerrak, esaterako. Oso erabilgarriak dira tailerrak, ahalduntze prozesu bat da, eta tresna asko eskainiko dizkigu.
Udalek ere txiki-txikitatik hezkidetza lantzen badute zer eskainia, autodefentsa feministetako tailerrak, esaterako.
Zein da gizonen papera? Nola jokatu behar dute beraiek?
Gizonek ere beren ardura hartu behar dute. Gizonek ezin dute sentitu hau emakumeon arazoa denik, gu babesten gaituztenik. Guk, emakumeok, gure borroka egingo dugu, baina beraiek ere zein ardura duten ikusi behar dute. Lanketa pertsonala egin behar dute eta beren tokia boterearena eta pribilegioena dela konturatu. Hausnartu dezatela zein momentutan ari diren aprobetxatzen, eta nola sor ditzaketen harreman orekatuagoak. Zentzu horretan, garrantzitsua da gizonek ez izatea inolako konplizitaterik eraso sexistekiko, beren ardura ere bada horiek salatzea. Beren betebeharra inplikatzea eta lagunen artean bustitzea da. Eraiki ditzagun beste maskulinitate eredu batzuk, eta utz diezaiogun horiek babesteari.
Eraso gehiago al daude?
Ez daude eraso gehiago; gehiago salatzen dira eta salatzen diren horiek ikusgarriagoak egiten dira. Normalean, erasotuak diren emakumeek erruduntasun eta lotsa sentimendua daukate. Azken urteetan egin den lan guztiaren ondorioz, gaia ikusiarazten ari da, eta emakumeek sentitzen dute babes sozial handiagoa dutela. Hori dela eta, emakume gehiago ausartzen dira salatzera.
Nola landu behar dira eraso horiek komunikabideetan?
Honako titularrak ikusten ditugu: emakume bat erasotu dute, bortxatu dute, erail dute… Horiek dira iristen zaizkigun berriak, emakumeak biktima paperean soilik ikusten ditugu. Dena den, oso garrantzitsua da erreferenteak sortzea. Emakume pasibo, babesgabe eta biktimen erreferentziat baino ez baditut, horiekin identifikatuko naiz. Aldiz, bortxaketa saiakeretatik beren kabuz alde egin duten emakumeak ezagutzen baditut, benetan sinetsi dezaket gai naizela defenditzeko.
Zentzu horretan, txikitatik jaso dugun mezua kontuz ibiltzekoa izan da. Ez dizkigute eman ordea,eraso horiei erantzuteko tresnak. Gaitasunak baditugu, eta denbora hartu behar dugu tresna horiek garatzeko eta barneratzeko. Prozesu horretan asko laguntzen du erreferenteak izateak.
Zein aurrerapauso eman ditugu?
Autodefentsa feminista tailer gehiago antolatzen dira, eta horrek alde positiboa eta negatiboa du. Emakumeek beldur handiagoa sentitzen dute eta kezka gehiago daukate. Behar gehiago sentitzen dute tailer horietara gerturatzeko. Bestetik, emakumeak gero eta kontzientziatuago daude, eta autodefentsaren beharra ikusten dute; zentzu horretan, autodefentsa zilegitasuna irabazten ari da eta emakumeok tresna eraginkortzat ikusten dugu. Alde horretatik, mugimendu feminista indartsuago dago.
Zer egin behar da etorkizunean? Zer urrats eman behar da?
Emakumeok gure ahalduntze prozesu horretan jarraitu behar dugu indibidualki eta kolektiboki. Indarkeria gizonen monopolioa izan da; txikitatik moztu digute indarkeriarako aukera hori, eta hori oso baliagarria izan daiteke geure buruak defendatzeko. Beldurraren irakurketa hori emakumeon buruak kontrolatzeko mekanismoa izan da. Zentzu horretan, argi izan behar dugu ez dela normala biztanlegoaren erdia beldurrez bizitzera kondenatuta egotea. Ez da normala, eta hori salatu behar dugu: beldurrez bizitzea ere indarkeria da.
Dena den, gure lana kalera edo espazio publikora mugatzen ari gara: erasotzailea ezezaguna den kasuetara, baina ahazten ari gara eraso gehienak gertuko pertsonengandik jasaten ditugula, izan senarra, mutil laguna… Ahazten ari gara espazio pribatu eta intimo hori eta uste dut asko falta zaigula bertan ahalduntzeko: gure harreman intimoetan, gure plazera lehenesteko garaian edo bikoteen arteko erabakiguneetan gure hitza aintzat hartzea… Espazio eta harreman intimo horietan falta zaigu ahalduntzea eta erasoak identifikatzea. Espazio horietan gure mugak argi adierazi behar ditugu, eta bertan ere jarri behar dugu gure atentzioa.