Hego Euskal Herrian 16.165 etxe kaleratze izan dira 2007 eta 2015 urte bitartean, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren datuen arabera. Kaleratzeen Aurkako Plataforma gogor ari da lanean: 2015eko urrian, «Kaleratzerik Gabeko Lurralde» izendatu zuten Gipuzkoa. Kaleratzeak Stop eta IRPH Stop plataformek bultzatu zuten mozioa, eta onartu egin zuten EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin-Podemosek.
Tolosaldean ez da kaleratzerik izan azken urteetan, Tolosako Kaleratzeak Stop plataformaren arabera. Dena den, «horrek ez du esan nahi kaleratzerik egon ez denik, herritar batzuk ez baitute guregana jotzen laguntza eske», azpimarratu dute plataformako kideek. Dena den, adierazi dute hiru auzi irekita daudela momentu honetan eskualdean, eta azken urteetan lau kaleratze gelditzea lortu dutela bankuarekin negoziazio batera iritsita.
Jenderik gabeko etxeak
Kaleratzeak dira krisi ekonomikoaren alderdi ilunetako bat, ezbairik gabe. Nolanahi ere, eskualdean hutsik daude etxe batzuk edota ez dira egunerokotasunean erabiltzen. Eskualdeko herri gehienetako datuak bildu ditugu Gaztelu izan ezik. Esan behar da, era berean, Leaburu-Txaramako baserri batzuetan, baserria bera, ganadurako utzi dutela eta ondoan etxebizitza berri bat egin dutelako daudela hutsik. Datuak ikusita etxe hutsen kopurua nabarmena da.
Herri horiek kontuan hartuta, 2.461 etxe huts daude Tolosaldean. Kontuan hartu behar da, hala ere, etxe hutsen definizioa aldatu egin daitekeela udalerriaren arabera. Bildutako datu batzuetan agertzen diren etxe hutsak dira inor erroldatuta ez dauden eraikin guztiak. Datu horien arabera, Tolosaldeko etxe hutsen kopuruen batez besteko portzentajea %18koa da.
Etxerik gabeko jendea, eta jenderik gabeko etxeak. Horra hor paradoxa. Etxe huts horiek okupatzea edota jabeekin etxe horien erabilera negoziatzea izan daiteke etxebizitza eskubidea bermatzeko beste bideetako bat. Bide ugari, baina helburu bera: pertsona orok duen etxebizitzarako eskubidea bermatzea. Hausnarketarako bidea zabalik da.