Etxe hutsak, irtenbidea ote?

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkola Agirrezabala 2016ko azaroaren 20a

Espainiako Estatuko Konstituzioaren eskubideetako bat da etxebizitza izateko aukera. Eskubide hori, ordea, ez dago bermatuta: herritar askok eta askok ez dute etxebizitza izateko aukerarik. Lan prekarioen ondorioz, gazte askok ez dute gurasoen etxeetatik alde egin, eta emantzipatzeko aukerarik. Era berean, hainbat pertsonek ez dute diru-sarrera nahikorik eta zailtasunak dituzte beren hipotekak ordaintzeko. Hori dela eta, milaka eta milaka pertsona kaleratu dituzte beren etxeetatik.

Hego Euskal Herrian 16.165 etxe kaleratze izan dira 2007 eta 2015 urte bitartean, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren datuen arabera. Kaleratzeen Aurkako Plataforma gogor ari da lanean: 2015eko urrian, «Kaleratzerik Gabeko Lurralde» izendatu zuten Gipuzkoa. Kaleratzeak Stop eta IRPH Stop plataformek bultzatu zuten mozioa, eta onartu egin zuten EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin-Podemosek.

 Tolosaldean ez da kaleratzerik izan azken urteetan, Tolosako Kaleratzeak Stop plataformaren arabera. Dena den, «horrek ez du esan nahi kaleratzerik egon ez denik, herritar batzuk ez baitute guregana jotzen laguntza eske», azpimarratu dute plataformako kideek. Dena den, adierazi dute hiru auzi irekita daudela momentu honetan eskualdean, eta azken urteetan lau kaleratze gelditzea lortu dutela bankuarekin negoziazio batera iritsita.



Jenderik gabeko etxeak

Kaleratzeak dira krisi ekonomikoaren alderdi ilunetako bat, ezbairik gabe. Nolanahi ere, eskualdean hutsik daude etxe batzuk edota ez dira egunerokotasunean erabiltzen. Eskualdeko herri gehienetako datuak bildu ditugu Gaztelu izan ezik. Esan behar da, era berean, Leaburu-Txaramako baserri batzuetan, baserria bera, ganadurako utzi dutela eta ondoan etxebizitza berri bat egin dutelako daudela hutsik.  Datuak ikusita etxe hutsen kopurua nabarmena da.

 Herri horiek kontuan hartuta, 2.461 etxe huts daude Tolosaldean. Kontuan hartu behar da, hala ere, etxe hutsen definizioa aldatu egin daitekeela udalerriaren arabera. Bildutako datu batzuetan agertzen diren etxe hutsak dira inor erroldatuta ez dauden eraikin guztiak. Datu horien arabera, Tolosaldeko etxe hutsen kopuruen batez besteko portzentajea %18koa da.

Etxerik gabeko jendea, eta jenderik gabeko etxeak. Horra hor paradoxa. Etxe huts horiek okupatzea edota jabeekin etxe horien erabilera negoziatzea izan daiteke etxebizitza eskubidea bermatzeko beste bideetako bat. Bide ugari, baina helburu bera: pertsona orok duen etxebizitzarako eskubidea bermatzea. Hausnarketarako bidea zabalik da.

Erlazionatuak

Okupazioa: sistemari alternatiba

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkola Agirrezabala 2016 aza 20 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!