Elkartuz ezagutzen da

Imanol Garcia Landa 2016ko azaroaren 17a

Aurtengo Bizilagunak egitasmoan hamar bazkari egin dira Tolosaldean, elkar ezagutu eta aurreiritziak alboratzeko.

Igandean bisita izan genuen etxean. Nigeriar jatorria duen familia etorri zitzaigun bazkaltzera, Bizilagunak egitasmoren barruan, eta beste urte batez ere guztiz aberasgarria izan da esperientzia.

Bosgarren aldiz egin da Gipuzkoan Bizilagunak ekimena, SOS Arrazakeriak bultzatuta, eta aurten Tolosaldean hamar bazkari egin dira, bertako jatorria duten familien eta atzerritik etorri diren familien artean. Aduna, Alegia, Asteasu, Berrobi, Ibarra, Villabona, Tolosa eta Hernialden egin dira bazkariak eta hainbat herrialdeetako jatorria duten familiek parte hartu dute: Maroko, Nepal, Ekuatore Ginea, Senegal, Nigeria, Ekuador eta Honduras.

Gure etxeko bazkarian Ainhoa Letamendi dinamizatzaile lanetan aritu zen, eta datorren urterako ideia oso ona bota du: «Lagunekin hitz egin dut datorren urtean parte hartzeko eta baiezkoa esan dute». Letamendik berak azaldu duen moduan, «elkar ezagutzeko eta aurreiritziak albo batera uzteko» ekimena da Bizilagunak, eta gazteek horrelakoetan parte hartzeak garrantzia handia du, migratzaileen errealitatea zuzenean ezagutzeko. Elkartuz egiten baita ezezaguna ezagun, eta beste begi batzuekin begiratzeko aukera ematen digu.

Bazkariak igandean izan ziren, eta azaroaren 26an Donostian elkartuko gara ekitaldi batean Gipuzkoan Bizilagunak egitasmoan parte hartu dugun familia gehienak. Victoria Eugenia aretoa herrialdean dugun aniztasunaren eta aberastasunaren lekuko izango da berriro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!