Energia mahaiak jarraipena emango dio Piztu Tolosaldeari

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko aza. 17a, 08:02

2015ean Tolosaldean egindako energia diagnosiak emaitza «kezkagarriak» eman ditu, eta ekintza plana abiarazi dute udalek, kontsumoa murriztu eta kontzientzia handitzeko.

Tolosaldeko energia kontsumoaren %87 erregai fosiletan oinarritzen da eta, horrez gain, menpekotasuna %98koa da: alegia, kontsumitu beharreko energia hori guztia kanpotik ekarri behar izaten da. Aldiz, erabiltzen den energiaren %2 bakarrik da berriztagarria. Datuok eta beste hainbat, 2015. urtean eskualdean abiarazitako energia diagnosiak emandakoak dira eta, zenbakiek sortutako kezkari erantzuteko, Piztu Tolosaldea egitasmoa diseinatu zuten 28 udalek, garapen agentziarekin batera. Bada, proiekturen motorra ere piztu dute jada eta, herriz herriko jardueren agenda biribilduko du, Tolosaldeko Energia Mahaiaren sorrerak: arduradun politikoek eta eskualdeko eragileek bat egingo dute, etorkizunera begira energia agendako ardatz nagusiak markatzeko.

Lehiberri zentroan iragarri dituzte hitzorduak, Olatz Peon Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak, Itziar Arratibel Tolosaldea Garatzeneko ordezkariak eta Garbiñe Mendizabal teknikariak, eta energia planak hiru helburu nagusi dituela azpimarratu dute: «Energiaren kontsumoa murriztea da helburuetako bat eta, bide beretik, menpekotasuna ere gutxitzea». Dena den, azpimarra jarri dute pobrezia energetikoan ere, hainbat herritarrek oinarrizko beharrak asetzeko baliabide energetikorik ez baitu gaur egun: «Gaur egungo ahultasun energetikoei konponbidea eman nahi diegu, herritarren ohiturak, energia iturriak eta errealitate sozio-ekonomikoa kontuan hartuta», azaldu du Mendizabalek. 

IKASIZ, KONTZIENTZIA SENDOTU

Piztu Tolosaldea energia planeko zenbait hitzordu hasiak dira, jada, eta urte amaierara bitarte aukera izango da esparru horretan hezi nahi duenarentzat.

Izan ere, lau jarduera mota prestatu dituzte, kontzientzia indartuz beren helburuetara iristeko. Batetik, energia tailerrak eskainiko dituzte, herritar guztien neurrira: «Kontsumoaren aurrean jarrera arduratsua sustatzea da gure nahia eta, horretarako, informazio praktiko eta ulerterraza eskainiko diete parte hartzaileei.

Ordu eta erdiko saioak izango dira, eta bi gai nagusiren bueltan ariko dira: etxebizitzetako kontratazio energetikoa edo fakturak aztertzen, batetik, eta etxeetan energia termikoa nahiz elektrikoa aurrezteko aholkuen inguruan, bestetik», zehaztu du Olatz Peonek.

Tailerrekin batera, pobrezia energetikoan bizi diren familiei begirako jarduera zehatz bat ere prestatu dute. Errealitate gordin horretatik atera ahal izateko gakoak eskainiko dizkiete, aholkularitza, etxebizitzen diagnosi energetikoa, energia fakturazioaren azterketa eta etxetresnen erabilera egokia jorratuz.

Saio horietan nahiz energia tailerretan mamitutako gaiak barnebilduko ditu, herriz herri ibiliko den energia bulego ibiltariak. Finean, kontsumitzaileentzako bulegoa izango da, eta herritar bakoitzak norbanako moduan dituen zalantzak argitzeko aukera izango du, betiere, fakturazioari, kontratazioari diru laguntzei zein energia berriztagarriei buruz.

Azkenik, erakusketa ibiltari batek eskualdea zeharkatuko du Energia Azoka formatuan. «Energia aurrezteko eta sortzeko teknologien erakusketa izango da, eta jomuga nagusi bat izango du: eraginkortasun energetikoaren kultura erakutsaraztea, eta energia garbien erabilera herritarrei gerturatzea», dio Peonek.

Tolosaldea Garatzenek eta eskualdeko udalek indar berezia egin nahi dute kontzientziazioan eta, bide horretan, sentsibilizazio kanpaina bat ere osatuko dute, motibazio bideoekin.

Erlazionatuak

Piztu tolosaldea, herriz herriko jarduerak

Itzea Urkizu Arsuaga 2016 aza 17 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!