Grafikagintzako langileek grebara jo dute hitzarmen duina lortzeko

Ataria 2016ko azaroaren 16a

Greba egin duten Gipuzkoako sektoreko langileak Tolosako Trianguloan bildu dira eguerdian manifestazioa egiteko. LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute gaurko greba eta haien esanetan, %80 inguruko jarraipena izan du. Hilaren 30erako eta abenduaren 12rako mobilizazio gehiago iragarri dituzte.

Tolosaldean pisu handia du grafikagintza sektoreak eta besteak beste, gaur SAM, Borobil edota Cicarsa bezalako enpresek ateak itxi dituzte.

Grafikagintzako hitzarmenaren negoziaketan dagoen blokeoaren aurrean mobilizatzeko beharra ikusi dute langileek. "Hilabeteak pasa dira negoziaketei hasiera eman zitzaienetik. Bilera ugari egin dira, baina Adegik ez du langileen egoera hobetzeko proposamenik mahaigaineratu, alderantziz herrialdeko hitzarmena bere horretan mantentzea du helburu", esan du Laida Zubillaga LABeko ordezkariak. 

Negoziazio mahaira eraman diren plataformetan soldatak igotzeaz gain langileek hitzarmen erreformetatik babestea eta azpikontratazioari mugak jartzea jasotzen da besteak beste. "Aldarrikapen guzti hauei bizkar eman dien patronalak", sindikatuen ustez eta horregatik erabaki dute mobilizazioetara joatea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!