Txirrindularitzan omenaldien asteburua

Ataria 2016ko aza. 16a, 12:16

Zizurkilgo Urkamendi Elkarteak urtero Tour-eko lehen euskalduna omentzen du. Iaz bezala, aurten ere Mikel Nieve leitzarrak jasoko du eskertza hori.

Ostiralean izango da, eta ekitaldi horretarako, egitarau oparoa antolatu dute zizurkildarrek. 17:00etan, haurrentzat ginkana egongo da Joxe Arregi plazan. Bizikleta eta kaskoa ematea eskatu dute Gaztezuloko antolatzaileek.


19:30ean,txirrindulariekin solasaldia egingo dute Atxulondo kultur etxean. Txirrindulari izateko lehenengo pausoen berri emango dute, Mikel Nievek, Ion  Izagirrek, Lierni Lekuonak, Unai Iribarrek, Aitor Olaziregik eta Jon Ander Insaustik.


Nievek jasoko duen omenaldia ondoren izango da, 21:00etan, Urkamendi Elkartean.


Gabirian, bigarrena
1980ko hamarkadaren erdialdean Orbea txirrindulari talde profesionalean ibilitako hainbat emakume omenduko dituzte Gabirian, larunbatean, hilaren 19an. Gabiria Koparen bigarren edizioaren barruan izango da, eta omenduen artean, Josune Gorostidi gazteluarra eta Txitxi Orbegozo tolosarra daude. Horrez gain, Dina Bilbao zena ere gogoan izango dute, eta bere izenean Josu Iztueta tolosarra joango da Gabiriara.
Azaroaren 19an Osinalde elkartean egingo den bazkarian banatuko dituzte sariak. Reyno de Navarra taldeko Ainara Elbusto bertan izango da, Orbeako omenduekin batera, baita Ion Izagirre, Xabier Usabiaga eta beste hainbat gonbidatu ezusteko ere. Iaz, esaterako, Gabirian bildu ziren Txomin Perurena (omendua), Joane Somarriba, Gorka Izagirre eta Murias-Basque Country taldeko ziklista goierritarrak.
Bazkarirako izena emateko epea gaur itxiko da, eta hiru modutan eman daiteke izena: E-postaz gabiriakopa@gmail.com;  655 70 23 05 telefonora deituta edo whatsapp-mezua bidalita, edo Gabiriko ostatuan eta Osinalde elkartean jarritako zerrendetan izena idatzita.


Bazkariak 18 euro balio du (umeentzat 10), kafea eta kopa barne. 14:00etan bilduko dira guztiak, txirrindulari eta zaleak, Gabirian.


Sari banaketaz eta omenaldiaz gain, bazkalostean txirrindularitzaren inguruko tertuliatxoa egingo da gonbidatuekin Gabirian, lehiari buruz, emakumeen txirrindularitzaren bilakaerari buruz, eta bizikletaz bidaiatzearen esperientziari buruz, besteak beste.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!