Altsasuko atxiloketen aurka, heziguneetan

Ataria 2016ko azaroaren 15a

Batzar informatiboa egin dute Orixe institutuan. Argazkia: @IATolosaldea
Auzitegi Nazionalaren aginduz, zortzi lagun atzeman zituen atzo Guardia Zibilak. Atxiloketa horien aurkako pintaketak agertu dira Tolosako Laskorain ikastolan eta kontzentrazioa ere egin dute; Orixe institutuan, berriz, batzar informatiboa egin dute goizean.

Atzo goizean, Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko 3. instrukzio epaitegiko magistratuaren aginduz, Guardia Zibilak zortzi altsasuar atxilotu zituen, eta 22:30ean horietatik sei kartzelatzeko agindu zuen. Arratsaldean epailearen aurrean deklaratu zuten zortziek.

Aurretik, fiskaltzak sei gazterentzat behin-behineko espetxealdia eskatu zuen. Fiskalak Zigor Kodeko 573. artikulu barruan ikusten du erasoa. Lamelak fiskalaren eskaria aintzat hartu zuen. Auzia instrukzio fasean egonagatik, epaimahaiak Lamelaren tesia onartuko balu, hamar eta hamabost urte arteko espetxe zigorra jasotzeko arriskua dute.

Atxiloketak atzo goizean egin zituzten. Haietako hainbat, ikastetxera zihoazela atzeman zituzten. Hitzondo Altsasuko webgunearen arabera, beste pertsona baten etxera ere joan ziren, baina ez zegoen bertan. Altsasuz, Iruñean, Ordizian (Gipuzkoa), Gasteizen eta Agurainen (Araba) egin zituzten atxiloketak. Operazioari euskaraz Ausiki (alegia, hozkada) izena eman zion Guardia Zibilak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!