Iaz bezainbeste

Ataria 2016ko azaroaren 15a

Behobia-Donostiaren 52. edizioa igandean lehiatu eta ospatu zen. 20 kilometroko ibilbidea duen lasterketa herrikoian eskualdeko ordezkari ugari izan ziren; korrika, irristaka edo handbike-n.

Aurtengoan parte hartzaile datu orokorrek behera egin baldin badute ere, iazko zenbakiekin alderatuta, Tolosaldekoak mantendu egin dira. Behin-behineko sailkapena kontuan hartzen baldin bada, 424 kirolari iritsi ziren igandean Donostiako helmugara.

Datuak xehetzen hasita, Tolosaldeko 28 herrietatik 23k eduki zuten ordezkaritza lasterketan. Iturri ofizialetatik kanpo geratu dira, beraz, bost: Abaltzisketa, Baliarrain, Elduain, Hernialde eta Orexa. Horrek ez du esan nahi herri horietako inor atera ez zenik, baina behin-behineko sailkapenean ez dira agertzen.
Norbanakoen denborak kontuan hartuta, Ion Galarraga podium-era igo zen. Bidania-Goiatzeko txirrindularia handbike modalitatean atera zen, eta bigarren amaitu zuen, Joel Jeannot frantziarraren atzetik. Jeannotek 37 minutu eta 48 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Galarragak, bi minutu eta 52 segundo gehiago.
Irristaka emaitza bikainak lortu zituztenak Iñaki Zubeldia eta Unai Perea tolosarrak izan ziren, bosgarren eta seigarren helmugaratuz.


Korrikako sailkapen nagusia Carles Castillejok eta Aroa Merinok eraman zuten etxera. Castillejo Behobia iaz ere irabazi zuen. Gure atletei begiratuta, 13. postuan agertzen dira eskualdeko bi ordezkariak. Gizonezkoetan Iraitz Arrospide tolosarra, eta emakumezkoetan Lourdes Colomo zizurkildarra. Lehena irabazlearengandik lau minutu eta 10 segundora, eta Colomo, 8 minutu eta 21 segundora.


52. edizioaren sailkapen guztiak, www.behobia-sansebastian.com webgunean daude ikusgai. Argazkiak ikusi nahi dituenak: oarsoaldea.hitza.eus edo irutxulo.hitza.eus.

TOLOSALDEKOEN SAILKAPENA

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!