Jaka Adarragara eta Altuna III.a Ogetara

Ataria 2016ko aza. 15a, 11:26

Lau t’erdiko txapelketaren bi finaletan eskualdeko bi ordezkari egongo dira. Promozio Mailan Erik Jaka lizartzarra, azaroaren 19an Logroñoko Adarraga pilotalekuan, eta Lehen Mailakoan Jokin Altuna amezketarra, hilaren 27an, Gasteizko Ogeta frontoian.

Txapelaren lehiari dagokionez, Jakak Darioren aurka jokatuko baldin badu larunbat honetan, Logroñon, Altuna III.ak Bengoetxea izango du aurkaria Ogetan, azaroaren 27an. Sarrera 120 eurotan jarri dute kantxakoa, 55 aulkira arte. 56tik ondorengoak, 80 eurotan, eta errebotekoak, 50ean.

Jokin Altunak igandean lortu zuen txapelaren lehiarako txartela, Aimar Olaizolari 13-22 irabazita. Partida borobila jokatu zuen Altuna III.ak, eta hori baieztatu zuen partidaren amaieran: «Aurkari bakoitzaren aurka gauza bat izaten duzu buruan. Egun batzuetan atera egiten da, eta besteetan ez. Azken partidan horrela izan zen, baina aurrekoetan ez nintzen fresko aurkitzen. Olaizolaren aurka dena perfekto egin behar genuela bagenekien. Tentsio handiarekin atera gara, eta horrek irabazten lagundu digula uste dut».  
Donostiako Atano III.a pilotalekuan harmailak lepo bete ziren. Partida hasi aurretik amezketarrak eta Altunazaleak tentsio batean ziren. Oihu artean hasi zen partida, eta sakearen txanponak urdin erakutsi zuenean, lehen tantoa bailitzan ospatu zuten. Hortik aurrera, amezketarra izan zen jaun eta jabe kantxan. Partida ondoren, ezker besoko lesio batez hitz egin zuen Aimar Olaizolak. Horregatik, hirugarren eta laugarren posturako partida ez du jokatuko goizuetarrak.


Olaizola II.a txapeldun handia da, eta lau t’erdiko kaiolatik kanporatzea ez da lorpen makala. Maisuki lortu zuen hori amezketarrak igandean, behetik gorako txapelketa egiten ari dela erakutsiz: «Lau t’erdiko ligaxkak aukera hori ematen dizu. Udan trote handian ibili naiz, eta hasieran freskotasun gabe ateratzen nintzen kantxara. Finalerdiak prestatzeko bi aste izan ditut, eta ondo etorri zaizkit. Ia egunero entrenatu naiz, baina ez hain gogor. Frontoian ere oso ondo sentitu naiz, eta horrek konfiantza ematen dizu, eta buruak ere hori nabaritzen du».  


Jokin Altunaren partida guztietan gai bat nahita edo nahi gabe ateratzen da: harmailetako giroa. Igandean izugarria izan zen, eta garaipena eurentzat joan zela esan zuen lehia amaieran amezketarrak: «Askotan esaten dut eta gaur ere berriz esango dut. Afizio latza daukat. Niretzat ohore bat da. Ez bakarrik hemen. Bilbora edo Logroñora joan, jarraitzaileak hor egoten dira. Pozik nago niregatik, baina baita beraiengatik ere. Kolpe batzuk hartu ditut, bigarren mailako finala galtzean, edo iaz hemen Oinatzen aurka. Topera bizitzen dute, eta horregatik, garaipen hau beraiei eskaintzen diet».


Altuna III.aren botileroa Ekaitz Saralegi da. Bera ere gustura zen partida amaieran: «Hasieratik ondo ikusi dut. Egia esan nahiko lasai egon naiz, baina tentsio punttu horrekin. Izugarrizko partida egin du. Aimarri ezkerra kentzera joan da, eta lan hori ondo egin du. Horri esker partida aurrera atera duela uste dut».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!