Gipuzkoako Aldundia eta Enirio-Aralar Mankomunitatea Aralarko Natur Parke eta Natura 2000 Sareko Babes Bereziko Eremuan (Goroskintxu eremuan) egiten ari diren "legez kanpoko lanak ezagutu eta aztertu ondoren", Herrialde-Auzitegiko Ingurumeneko Fiskaltzaren esku hartzea eskatu dute Eguzki erakunde ekologistak eta Landarlan ingurumen elkarteak. "Horrela, Aralarko zaintzan elkarlanean aritzea ere erabaki dugu, eta bide penala erabiliz, bide administratiboan saiatu ondoren, Gipuzkoako ondare publiko honen babesa bermatu ahal izateko", zehaztu dute.
"Aralar parkearen bihotzean dagoen Saltarrirako pistaren proiektuko eta horren barne Goroskintxurako hasitako lanen arduradunen aurka salaketa jarri dugu, lan hauek hirigintza eta ingurumen araudi guztien aurka doazelarik, parke naturalekoa barne", gaineratu dute Eguzkik eta Landarlanek. Eraikuntza-lan horiek "bertako ekosistema eta habitat babestuetan kalte larriak" eragiten ari direla salatu dute.
Eguzkik eta Landarlanek egindako "salaketa ekologista" besteen artean hurrengo argudioetan oinarritzen dela azaldu dute:
- Natura 2000 Sarean barruan dauden naturagune babestuen inguruko legediaren aurka doa proiektua, eta honen ondorioz inoiz ez zen onartu behar.
- Proiektuaren eremuan 6 Interes Komunitarioko Habitat daude, 92/43/CE Habitaten Arteztarauaren I. Eranskinean jasotzen direlarik. Hauetako bat gainera Lehentasunezkoa da, "Formazio belarkarak Nardus-ekin, espezie ugariekin. Mendialdeetako substratu silizeotan (eta Europa kontinentaleko azpimendialdeetan)" izenekoa, eta kalte gehiena jasoko duena hain zuzen. Guzti honek ustezko inputazio penala areagotzea ekarriko luke.
- Pista berri honen proiektua gauzatzeak ez du erlaziorik Natura 2000 Sarearen barruan babestuta dagoen eremu honen kudeaketarekin, eta inolaz ere ez da beharrezkoa horretarako 92/43/CE Habitaten Arteztarauak ezartzen duenaren arabera. Aralarko Kontserbazio Bereziko Eremuaren osotasuna eta kontserbazio-helburuak larriki eragingo lituzke proiektu honek.
- 92/43/CE Habitaten Arteztarauak eta Ondare Naturala eta Bioaniztasuneko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak ezarritako derrigorrezko ingurumen azterketa egokirik ez du proiektu honek.
- Aralarko Parke Naturaleko Natur Baliabideen Antolaketako Planak (NBAP, 1994) agindutakoa saihesten du larriki.
- Aralarko NBAP honek lurzoruen mugitzeak debekatzen ditu era orokor batean, orain bezalako eragindako Mendi Babesletako Eremuetan.