Azken bost urteetako balorazioa egin dute batetik, gaurko batzarrean. Salatu dutenez, 2011n Asuncion Klinikak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako hitzarmenak bete beharreko gutxieneko baldintzak ere ez ditu bete, eta beraz, "normalena" TOPAren ustez, hitzarmena ez berritzea izango litzateke. Izan ere, hitzarmenaren indarraldia bukatzera doa. "Gure ustez hitzarmena ez da ona, ez ditu herritarren osasun harretarako beharrak asetzen eta Tolosaldea ez du beste eskualdeen pare jartzen zentzu honetan. Horregatik gara hitzarmena berriz ere ez sinatzearen aldekoak. Eskualdeko ospitale publikoa eskatzen jarraitzen dugu", esan du Javi Arana TOPAko kideak. Hitzarmena berritu edo ez ikusteko, dena den, azterketa bat egitea eskatzen diote Asuncion Klinikari. "Osasun munduko eragile guztiak eta herritarrak bilduko dituen mahaia osatzea eskatzen dugu, azterketa bat egin ahal izateko", gaineratu du.
Batzarrean, era berean, Tolosa, Alegia, Ibarra eta Orexako aurreko legealdiko alkateek Legebiltzarrean egindako agerraldien berri ere eman dute. Eta bukatzeko, arazo bera izan duten beste leku batzuetan eman diren irtenbideen berri eman dute. Esan dutenez, Herrialde Katalanetan, esaterako, arazo bera izan dute; "bertan ikusi dute alde ekonomikotik bakarrik, egokiagoa zela publiko egitea. Merkeagoa da ospitale publiko bat pribatu bat baino".