Lokotxen, pilotaren eta sokatiraren asteburua

Ataria 2016ko aza. 11a, 11:14

Asteburuan Euskal Herriko bi txapelketa jokatuko dira, bat gainera, Tolosaldean. Pilotari dagokionez, hitzordu garrantzitsuenak Donostiara eramango ditu eskualdeko pilotazaleak.

Jokin Altunak bertan jokatuko du Lau t’erdiko Txapelketaren finalerdia, Olaizola II.aren aurka. Atano III.a pilotalekuko jaialdia 17:00etan hasiko da, eta amezketarraren eta goizuetarraren artekoa bigarrena izango da. Harmailak beteta egongo dira, kantxako 200 sarrera bakarrik gelditzen baitira saltzeko. Txapelketa osoan bezala, amezketarrak jarraitzaile ugari izango ditu ondoan. Amezketatik, adibidez, autobusean gerturatuko dira Gipuzkoako hiriburura.


Bi pilotariek atzo aukeratu zituzten iganderako pilotak, eta «oso gustura» agertu ziren. Altuna III.ak «azpitik ibiltzen diren pilotak» aukeratu zituen. Partida irabazten duenak, Urrutikoetxea edo Bengoetxearen aurka jokatuko du finala.


Eneko Garmendia eta ‘Boli’
Euskal Herriko Lokotx Biltze Txapelketa larunbatean jokatuko da Elgoibarren, Magdalena Parkean. 12:00etan hasiko da txapelketa, eta bertan, eskualdeko bi ordezkari egongo dira: Eneko Garmendia baliarraindarra eta Jon Goikoetxea Boli ibartarra. Lapurdi, Araba, Bizkaia eta Nafarroako ordezkarien aurka aritu beharko dute. Egin beharreko lana: 1,25 metrotara eta bi lerrotan jarritako 50 lokotx biltzea.


Ibarrako Sokatira Taldea
Goma gaineko 4X4ko Euskal Herriko Sokatira Txapelketaren bigarren jardunaldia, 320 kilotan, Anoetan jokatuko da igandean, 11:30etik aurrera. Aurreko larunbatean hasi zen txapelketa, Zamudion. Ibarra A bigarren geratu zen bere multzoan, eta Ibarra B hirugarren. Bigarren jardunaldiaren ondoren jokatuko da finala, azaroaren 19an, Ibarrako Belabieta kiroldegian. Bertan zein talde egongo diren jakiteko, Anoetako jardunaldia erabakigarria izango da. Finalera sei talde pasatuko dira, sailkapen jardunaldi bietan puntu gehien lortzen dituzten multzo bakoitzeko lehen hirurak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!