«Beti erakarri izan nau ezezaguna den horrek»

Imanol Garcia Landa 2016ko aza. 9a, 10:00

Nepalera joateko gogoa barrutik deika ari zitzaion Gari Zubillaga alegiarrari eta iaz egin ahal izan zuen bidaia hori. Bertan bizitakoa azalduko du gaur, kultur etxeko aretoan, 19:00etan hasita emango duen hitzaldian. Lehenengo aldiz emango du horrelako hitzaldi bat, eta argazkiz lagunduko da azalpenak emateko. Espero du hitzaldia entzutera joango direnak ere beraien ekarpena egitea solasaldian.

Nola izango da hitzaldia?

Azalpenak ematen joaten naizen bitartean, argazkiak erakusten joan, eta hango nire bizipenak islatuko ditut. Musika pixka bat ere jarriko dugu, eta ea giro polit bat sortzen dugun.

Aurreko urtean joan zinen Nepalera. Nola joan ziren prestaketak?

Duela hiru bat urte jaio zen bidaia hau nire buruan. Duela bi urte Bolivian izan nintzen, Nepalekoa atzeratu nuelako. Iaz garbi nuen Nepalera joango nintzela eta urtarrilean hasi nintzen prestaketak egiten. Bi hilabete oso pasa nituen bidaia antolatzen. Internet bitartez bidaiarien foroak-eta arakatuz, kontaktua egin nuen gida nepaldar batekin. Nire helburua zen bitartekorik gabe libre lan egiten duten gida batekin kontaktua egitea, eta gida izatea nire bidelaguna. Lortu nuen kontaktua egitea nepaldar batekin eta ibilbidea adostu genuen hilabete osorako, urrian egiteko.

Bidaiaren prestaketan eragin handia izan zuten Nepalen gertatutako lurrikarek, ezta?

Nik dena prestatuta utzi eta handik hilabete eskasera, oraindik gogoan dut sukaldean bazkaltzen ari nintzela eta telebista piztuta nuela, nola esaten zuten hondamendi handi bat gertatu zela Nepalen. Nahiko kezkatuta utzi ninduen. Hurrengo egunetan saiatu nintzen harremanetan jartzen kontaktua egin nuen gidariarekin. Ikusten nuen ez nuela erantzunik jasotzen eta epe bat pentsatu nuen, horren arabera ikusteko zer egingo nuen. Banekien beraiei laguntzeko modua zela nire bidaia bertan behera ez uztea.

Eta azkenean zer gertatu zen?

Uztailak 31 jarri nuen epe moduan, eta etsita nengoenean, uztailaren 25ean iritsi zitzaidan posta elektroniko bat bere lagun batena, gida lanetan aritzen dena ere bai. Nik kontaktua egin nuen gidaria hil egin zen lurrikaren ondorioz, eta bere koadernoan ikusi zuen nire helbide elektronikoa lagunak.

Zergatik Nepalera joateko gogo hori?

Bidaiatzeak badu esanahi berezi bat niretzako. Beti erakarri izan nau ezezaguna den horrek. Beste bizitzeko moduak behatzea, hausnartzea, jende berriarekin elkartzea, paisaia aldetik ere leku berriak ezagutzea... Ekialdeko tradizio eta filosofiak erakarri izan naute beti, eta paisaia aldetik Nepalek Himalaia du, eta horrek dezente erakartzen digu mendizale garenoi.

Nola gauzatu zenuen bidaia? Zer ibilbide egin zenuen?

Iritsi eta Katmandun bi egunez egotea zen asmoa, gero Pokharara joan eta handik iparralderantz hamabi egunetako trekking bat egitea. Gero, hegoaldera bidaiatu, oihana bisitatu, eta han beste hiru egun izatea. Handik Katmandura itzuli eta bertan beste egun batzuk pasa, han inguruan trekking bat eginez ere. Nahiko anitza izan zen antolatutakoa.

Nola izan ziren, esaterako, Himalaia aldean igarotako egunak?

Annapurnako beheko kanpalekura bide batetik joan ginen eta beste batetik itzuli. Sekulako lurraldeak dira. Mendietan nola bizi diren ikustea harrigarria da eta jende oso adeitsua ezagutu genuen. Lurralde harrigarriak dira eta txundituta geratu nintzen ikusita nola egiten duten bertan bizimodua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!