Eskualdeko langileek ere giltzarrapoa Ireki dezaten

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko aza. 4a, 11:46

Lantokiz lantoki atxikimendu bila hasiko dira orain.

Dispertsioari konponbidea ezartzeko langile mugimendutik sortu da Ireki; Euskal Herriko sinadura bilketarik handiena osatu nahi dute

Garaia delako, eta langileon bultzada erabakigarria izan daitekeelako». Halaxe azaldu zuen, pasa den urriaren 15ean, Euskal Herri osoko langile talde batek. Ireki aurkeztu zuten, preso eta iheslarien auzia konpontzeko langile mugimendutik sortutako egitasmoa. Eta, helburu horretara iristeko, sinadurek egingo dute bidea: «Ez gara oso originalak izan, baina Euskal Herriko sinadura bilketarik handiena osatu nahi dugu, 150.000ra iritsiz», azaldu zuten.

ETAk behin betiko su etena iragarri zueneko data hartuta, bost urteotan «preso eta iheslarien aferan urratsik ez da eman» Irekiko kideen ustez: «Munduko toki guztietan irtenbidea ematen zaio preso eta iheslarien auziari, gatazka armatuaren amaieran, baina, zoritxarrez, Euskal Herrian ez da halakorik gertatu».

Baieztapen horrek «kezkatuta», beraz, langile mugimendutik konponbidearen alde bultzada bat emateko elkartu dira Irekin. Gogoan izan dituzte, gainera, «egoera askoz ere zailagoa zenean» euskal langileriak auzi horretan egindako ekarpenak: «Ibaetako foroa, elkarretaratzeak, lanuzteak,..».

Bi arrazoi eta helburu bakarra

«Hainbat arrazoi egon daitezke preso eta iheslarien arazoari irtenbide bat eman nahi izateko», baina Irekik bi nabarmendu ditu.

Batetik, «garaia dela» argudiatu dute, nazioarteko gatazka guztietan bezala, Euskal Herrikoan ere auzi hori konpontzeko bideak jarri behar direla aldarrikatuz: «Eredu bat baino gehiago daude, baina dispertsioarekin amaitu behar da, guztiak batera, taldeka, epeka, legeak aldatuz edo aldatu gabe», diote.

Era berean, langile mugimendua indargunetzat dute, eta horrexegatik eman dute pausoa, «hauteskunde ziklo, kalkulu eta agenda politikoen gainetik, aldaketa sakonak eragiteko gai» direla uste dutelako.

Orain lantokiak, gero herritarrak

Atzo bertan hasi ziren, Tolosaldean, langile mugimenduaren atxikimenduak biltzen. Lantokiz lantoki ate-joka hasiko dira orain, Euskal Herriko sinadura bilketa erraldoi hori osatzeko, eta zerrendak kalera zabalduko dituzte gero; urtarrilaren 14ko mobilizazioaren ondoren izango da.

Datozen hilabeteotako atxikimendu-biltzeak eman duena otsailean plazaratuko dute, balorazioa eginez eta, 150.000 sinaduraren helburua lortzen badute, preso eta iheslarien auzian aritzen diren eragileek helaraziko diete dokumentua, haiek sinadurekin lanean has daitezen.

Azkenik, 2017ko ekainaren 17an ezarri du, Irekik, mugarria: orduan emango dute sinadura kopuru zehatzaren berri, eta modu sinbolikoan irekiko dute preso eta iheslarien auziaren giltzarrapoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!