«Birfundatzea dugun indar eta giza-kapital hori askatzearen aldekoa da»

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko aza. 3a, 09:00

Haimar Altuna eta Alazne Ruiz

Haimar Altuna (Lizartza, 1976) eta Alazne Ruiz (Anoeta, 1986) Sortuko birfundatze prozesuko kideak dira. Aldaketa beharraz hitz egiten dute eta herritarren ekarpenak jaso nahi dituzte; «ezkertiar eta independentista diren guztiak gonbidatzen ditugu prozesuan parte hartzera»

Sortu birfundatze prozesuan murgilduta dago bete-betean. Abian eztabaida prozesuaren ondotik, alderdi forma duen eta mugimendu ezaugarriak dituen erakunde bezala aurkeztu du bere burua. Marka jakin bat baino gehiago, «burujabetzaren aldeko herri sektore eraldatzaileen batasuna» izan nahi du eta horretarako birfundatzeak bi fase izango ditu; Birfundatze Kongresuaren artekoa, urtarrilaren 21a bitarte, eta Konferentzia Politikoa, kongresutik irailera artekoa. Prozesu irekia da partehartu.sortu.eus helbidean sartuta hartu daiteke parte.

Abian eztabaida prozesuaren ondotik ireki duzue birfundatze prozesua, zein da helburua? Zergatik abiarazi duzue?
Alazne Ruiz: Abianen argi geratu zen ezker abertzaleak orokorrean aldaketa bat behar zuela eta hori izan zen abiapuntua. Birfundatze horretan, helburua horixe da, guztion artean erabakitzea Abianen faltan bota genituen hutsune horiek edo akats horiek konpontzeko zer eta nola egin behar dugun.
Haimar Altuna: Iaz ezker abertzalean Abian eztabaida eman zen eta mandatu bat geratu zen argi: prozesu independentista jarri behar zuela martxan, eta hori martxan jartzeko ezinbestean iraultza eman behar da bai antolaketa mailan eta baita plano politiko zein kulturalean ere.   

Eztabaidarako Zohardia txostena jarri duzue mahai gainean, hain zuzen, Biltzar Nazionalean hautatutako lantaldeak egindako lana.
H. A.: Momentuz hori da dagoen ponentzia bakarra, baina behar bada, ez da bakarra izango. Uztailaren 2an ireki zen ponentziak aurkezteko epea eta gaur bukatzen da. Gaur jakingo da beraz, ponentzia gehiago dauden edo ez, eta horren arabera diseinua egokitu beharko da. Aurrerago sartuko gara edukietan.

Berrasmatu beharraz hitz egiten duzue, erresistentziaren aroa atzean utzi eta egitasmoetara jauzi egiteaz. Mobilizazio molde berriak ere aipatzen dituzue, baina zertan datza hau guztia?
A. R.: Esan bezala topatu ditugun akatsak gainditu beharraz hitz egiten dugu, prozesu honek esango digu nola egin behar dugun lan, hori da hain justu, helburua; guztion artean erabakitzea nola egin behar dugun aurrera.
H. A.: Agortzen ari den ziklo batean gaude, eta zoritxarrez, agortzen ari da aurreko zikloa itxi gabe dagoelako; ehunka emakume eta gizon preso, ihesean eta deserrian dauzkagun bitartean, eta Espainiako indar armatuak Euskal Herriko bazter guztietan dauden bitartean, ziklo hori ixtea ezinezkoa da. Ziklo hori itxi nahian ezker abertzaleak egin duen ekarpen historiko nagusia da herri honek burujabe eta aske izan nahi duela eta beraz, biziraupenerako baldintzak sortuz egiten diola aurre ziklo horri.
Momentu honetan hor gaude, erronka berriak ditugu aurrez aurre, eta beraz, prozesu independentista hori martxan jartzeko argi dago ezker abertzaleak bere erresistentzia izaera hori aldatu behar duela. Nolabait eraikuntza izaera berreskuratzen hasi behar du. Eta horrekin ez dugu esan nahi, erresistentzia izaera alde batera utzi behar dugunik, baina bai eraldatu.   

Zein izango da beraz, birfundatze honetan zehaztuko diren ezaugarriak? Nolakoa behar du izan Sortu?
H. A.: Zohardiak planteatzen duena da Sortuk bi ezaugarri nagusi izango dituela; batetik, alderdi politiko baten ezaugarriak –egituraketa bat eta abar–  eta bestetik, herri mugimendu batenak, hau da, gardentasuna, demokrazia eta parte hartzea. Alderdi politiko eta mugimenduaren arteko nahasketa bat da Sortu.
A. R.: Herritik abiatu eta goranzko egitura izango du eta ez alderantziz; goratik hartzen diren erabakiak herrira bolkatzearena.  Mugimendu funtzionamendua izango du Sortuk.
H. A.: Funtsean Sorturen helburu estrategikoak orain arte ezker abertzalearenak izan diren berak izango dira; erakunde independentista bat da, feminista, euskalduna, internazionalista eta abertzalea.

EH Bildu eta Sortu nahastu izan direla diozue, zein da Sortuk EH Bildun duen lekua eta egitekoa?
A. R.: Alderdi bat gara eta EH Bildu koalizioko parte garenez, hor eragiten jarraituko dugu gure estrategia eta ezaugarriekin.
H. A.: Herritar batasunaren adierazpen berriak EH Bildu eta EH Bai dira eta beraiei dagokie protagonismoa mobilizazioetan, komunikazio aldetik eta abar. Horrek ez du esan nahi, Sortuk ez duenik izango bere dinamika propioa. Sortu EH Bilduko kide da, hor jarraituko dugu, eta hor egingo ditugu gure ekarpenak bai politikoak eta bai beharrezkoak diren ekarpen guztiak ere.  

Liderren ideia ateratzen da Zohardian eta kolektiboaren garaia dela diozue.
H. A.: Guk lidergo demokratikoen aldeko apustua egiten dugu, argi eta garbi. Indar berezia jartzen ari gara Sorturen barruan dagoen pentsamendu kolektibo guzti hori askatu eta bide emateko. Birfundatze prozesua horretan oinarritzen da hain justu; behetik gorakoa da, daukagun indar, ezagutza eta giza-kapital guzti hori askatzearen aldekoa.
A. R.: Ezker abertzalearen militantziari derrigorrez erresistentzian egotea tokatu zaio eta orain horri buelta eman behar diogu. Militantzia aktiboa da ezker abertzalearena eta kolektiboki asmatu behar dugu hori nola aprobetxatu.  
H. A.: Etxera begira egiten dugun hausnarketa da segur aski aurreko hamarkada luzeetan ezker abertzaleko militantziak, halabeharrez, ezaugarri jakin batzuk zituela, baina orain herritarrak ahaldundu nahi ditugu eta horretarako gu ere ezaugarri berriez jantzi beharko gara. Komunikatzaile hobeak izan beharko gara, jendearekin harreman zuzena egin beharko dugu, dinamizazio lana landu...

Datak

 

  • Gaur, azaroak 3. Gaur amaitzen da ponentziak aurkezteko epea.
  • Azaroak 4, ostirala. Eskualdeko Birfundatze prozesuaren aurkezpena 19:00etan, Anoetako plazan. Ondoren afari-merienda.
  • Azaroak 12. Eskualdeko ponentzien aurkezpena eta eztabaida, Tolosan.
  • Azaroak 19. Nazio mailako ponentzien aurkezpena, Donostian.
  • Azaroak 3-26, akreditatze kanpaina. Batzarretara joaten ez den jendeak ere bozkatu ahal izateko bidea da; Zohardia edota aurkezten diren ponentzien eta lantaldeen arteko bozketa, alegia. Akreditatzea on-line egin ahal da, sortu.eus webgunearen bidez. Era berean, herri guztietan arduradun bat egongo da akreditatzea on-line egin ezin dutenei laguntzeko. Webgunea dena den, ez da ponentzietara mugatzen, «lan tresna berri bat da herritarrekin komunikatzeko».
  • Azaroaren 27tik abenduaren 9ra. Aukeratutako ponentziari emendakinak egiteko epea.
  • Abenduaren 10tik urtarrilaren 21era. Azken bozkatzea.
  • Urtarrilaren 21a. Birfundatze Kongresua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!