Jaka nagusi, Peñak ezin

Ataria 2016ko urr. 29a, 21:00

Jaka sakera, Dario errestora. Biak sailkatu dira.

Erik Jakak nagusitasun osoz irabazi dio Lasori, 22-9, eta lau t´erdiko promozio txapelketako finalaurretan sartu da ligaxkako partida guztiak irabazita. Emaitza honekin, Jon Ander Peñak hamabost tanto nahikoa zituen urrats bera emateko, baina ez du lortu, Dario errioxarrak 22-10 irabazi dio-eta.

Erik Jaka nagusi

Aurreko bi partidak irabazita, hamazazpi tanto nahikoa zituen lizartzarrak aurrera egiteko. Bada, hamazazpi tanto horiek egin arte jaun eta jabe izan da jendez gainezka zegoen Iruñeako Labrit pilotalekuan. 17-4 jarri da aurretik eta berak egin du den-dena, bere tantoak eta aurkariarenak. Ondo sakatu du eta,  saketik zuzenean egindako tantoak asko izan ez badira ere, bigarren jokaldirako aukera asko sortu ditu. Jokoan, berriz, erritmo bizia jarri du, eta aukera zuenean tantoa bukatzen maisu aritu da hamazpira arteko bolada honetan: ikusgarriak egin dituen hainbat ezker-gantxo eta eskuin bi-hormakoak. Hamazazpi tantoko langa gainditu duenean, apur bat jaitxi egin da bere erritmoa eta joko-maila, baina aisa heldu da hala ere hogeita bira: 22-9 amaitu da partida.

Lizartzarrak oso maila ona eman du, eta gora egiten ari da txapelketa aurrera doan neurrian. Ugalde oiartzuar gaztearen aurka jokatuko du finalaurrekoa, pilotari gaztea, fina eta talentu handikoa.

Jon Ander Peñak ezin

Txapelketari sekulako hasiera eman zion tolosarrak Lasoren aurkako partidan; profesionaletan jokatzen zuen bigarren partida zuen eta, joko erakustaldi izugarria emanda, aisa irabazi zuen pilotazale bat baino gehiago aho zabalik utziz erakutsi zuenarekin. Joan den larunbatean galdu egin zuen Erik Jakaren aurka, baina itsura oso ona eman zuen partida honetan ere. Gaurko aurkaria, Dario errioxarra, aldiz, Jaka eta Lasoren aurka erraz galduta zetorren. Lasok Jakaren aurka galdu egin duenez, aski zuen Jon Anderrek hamabost tanto egitearekin. Ez da posible izan! Txapelketako Dario hoberena, askogatik, izan du aurrean, eta berak ez du egunik onena izan. Hasiera hasieratik ies egin dio Errioxarrak, batik bat bere sake zitalari esker, eta ezinean ari zenaren itsura eman du Peñak partida guztian. 10-22 galdu du, eta txapelketa utzi egin beharko du. Ez Peña eta ez Laso, azkenean, Dario izan da Jakarekin batera aurrera egingo duena talde honetatik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!